1080 euroko erretiro duina bermatzeko, pentsioen lege proposamen bat aurkeztu dugu

Pentsionistek Herri Ekimen Legegilea aurkeztu zuten legebiltzarrean, euren pentsioak eta etorkizunekoak duintzeko. EH Bilduk bakarrik babestu zituen. Gainontzeko alderdiek tramitazioa hazteari uko egin zioten eta horren aurrean, pentsio duinak bermatzeko lege proposamen egingarri bat aurkeztu genuen, eragileen aldarrikapenarekin bat eginez.

Pentsioen egoeraren argazkia larria da. PPk eta PSOEk martxan jarri dituzten politikekin sistemak porrot egingo du. Ondorioz, jasotzen ari diren pentsioak miserableak dira. Soluzioa guk geuk bilatu behar dugu.

Horregatik guztiagatik, gure herritarrei pentsio duinak bermatzeko irtenbide bakarra den Euskal Pentsio Sistema Publikoa sortu bitartean, behin behineko proposamen bat aurkeztu genuen, Jaurlaritzak laguntza sozialaren arloan dituen eskumenak erabiliz. Gure proposamena EAEko eragile nagusiei aurkeztu genien hitzaldi sorta antolatuz.

Legez erretiro pentsio txikiak osatzeko formula propio bat proposatu genuen, jubilatuek gutxienez 1.080 euro bermaturik izatea hilero. Kopuru horretara lau urteko epean helduko ginateke, modu progresiboan. Gainerako legebiltzar talde guztiak kontran agertu ziren.