Kalitatezko zerbitzu publiko bihurtzeko proposamenak

Lanbide, enplegua sustatzeko ezinbesteko tresna publikoa izan behar zena, hasiera-hasieratik noraezean ibili da, ezintasunean eta eraginkortasun-ezan katramilatuta. Diru Sarrerak Bermatzeko Errenten jasotzaileak inoiz baino gehiago diren urteetan (65.000 inguru), Lanbideren eginkizun bakarra beraiei arreta ematea -zailtasunez eta akatsez betea- izan da, bitartekoen faltagatik batik bat. Horrela, lehentasunak izan behar diren orientazioa eta lan-bitartekaritza ez dira taxuz egiten, eta nahi eta behar dugun enplegu-sistema eredua ez dago definituta.

Horren jakitun, proposamen franko egin dugu zerbitzua sendotzeko asmoz. Aipagarriena, 2014ko maiatzean Lanbideren izaera eta garapenari buruzko eztabaida monografikoa. Horretan, gai eta arlo ezberdinak jorratu genituen, eta hainbat konpromiso lotzea lortu genuen, geroago zerbitzuaren ibilbide orria osatu dutenak. Besteak beste, pribatizazioari ateak ixteko, lan-bitartekaritza areagotzeko, DBEren jasotzaileei arreta egokia bermatzeko eta bailara eta eskualdeetan aritzeko eredua indartzeko ebazpenak onartu ziren.