Murrizketak eta gainkargak pairatzen dituztenekin

Langileen lan baldintzak eta zerbitzu publikoen kalitatea txanpon bereko bi aldeak dira. Jaurlaritzak, baina, azken urteetan inoiz ez bezalako murrizketak egin ditu zerbitzu publikoetan. Krisiaren aitzakiarekin enplegu publikoa suntsitu (4.000 lanpostu inguru gutxiago daude krisia hasi zenetik), soldatak jaitsi eta lan baldintzak nabarmen hondatu dira.

Proposamen ugari egin ditugu lanpostuak mantentzeko eta sortzeko, ordezkapenak lehen egunetik betetzeko, hutsik geratu diren lanpostuak ez amortizatzeko, edo zerbitzuen pribatizazioa eteteko.

Bereziki aipagarria da 2014ko maiatzean EH Bilduk deituta legebiltzarrean egin zen enplegu eta pobreziaz monografikoan onartutako ebazpenetako bat (ikusi gorago). Koalizioak aurkeztu eta gehiengoz onartu zen ebazpen horretan Jaurlaritzari eskatu zitzaion Enplegu Publikoaren Euskal Legea sortzeko prozeduran hurrengoa bermatzea: eragile sindikal eta instituzionalen arteko gogoetaren emaitza izango dela, alde batetik; eta bestetik, lan baldintzak ez direla aldebakartasunaren ondorio izango eta negoziazio kolektiboaren ondorio izango direla.