EAJ-PSEk legea onartzeari uko eginez kontratazio publikoetan lan baldintzak duintzeari muzin

2013ko urrian, ELA sindikatuak bultzaturiko Herri Ekimen Legegilea (HEL) legebiltzarrera heldu zen. Horren atzean, 110.000 sinaduren babesa zuen ekimenak.
Funtsean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerbitzu eta obra publikoetan gutxieneko lan baldintza batzuk derrigorrez ezartzea eskatzen zuen, hiru helbururekin: euskal eremuko lan hitzarmenak aplikatzea; adjudikazioak aldatuz gero, lanaren jarraipena bermatzeko subrogatze laborala ezartzea; eta baldintza agirietan jasotako eskakizunak betetzen ez dituzten enpresentzako zigorrak aurreikustea.

Hala, ELAren proposamenak helburu zuen, hitz gutxitan esanda, arlo publikoarekin harreman zuzena duen esparruan lotsagarriak diren lan baldintzak (San Mames, Musikene, Arte Ederretako langileak...) duintzea.

Herritarren Ekimen Legegileak hasieratik jaso zuen gure taldearen babesa, EH Bilduren babesa. Horretaz gain, ELA, LAB eta beste eragile batzuekin elkarlanean eta adostasunarekin, zuzenketa osagarri batzuk aurkeztu genituen beste irizpide batzuk txertatzeko: ingurumena, lan osasuna, euskara eta berdintasuna.
2016ko apirilean, hau da, bi urte eta erdi beranduago, EAJk eta PSEk ezerezean utzi dute proposamena, eta sektore publikoaren menpeko enpresetan azpikontratatutako 55.000 langileei lan baldintza duinak izateko aukera zapuztu diete, kontratazio publikoen bidez dirua aurreztea eta aurrekontuak koadratzea lehenetsiz.

Gure lehentasuna ere argia da, langileen lan baldintza duinak defendatzea, horretarako behar diren tresna eta ahalmen guztiak erabiliz.