Ikusezinak diren langileak ikusgai bihurtuz

Langileen artean, egoerarik prekario, ahul eta bidegabeenetarikoa pairatzen dutenak etxeko langileak dira: ordutegirik gabeko lana, asegururik gabekoa, oporraldirik gabekoa, askotan egun librerik gabekoa... eta muturreko kasuetan esklabotasunik gertu.

Horregatik, behar-beharrezkoa da erakundeetatik eragitea lan baldintzak duintzeko. EH Bildu horretan tematu da, proposamen batzuk mahai gainean jarriz.
Horrela, besteak beste, Lanbidek etxeko langileen enplegua erakartzeko ahalegin bereziak egitea eskatu dugu, arloko erreferente publikoa izan dadin eta horrek kontratuetan eta lan baldintzetan onura orokorra ekar dezan. Horrez gain, ikuskaritza-lan orokorra, sistematikoa eta iraunkorra indarrean sartzea galdegin dugu, kontratuek eta lan baldintzek legeria betetzen dutela ziurtatze aldera. Gainera, emango diren pauso guztiak etxeko langileen eskubideak eta aldarrikapenak defendatzen dituzten sektoreko elkarteekin eta taldeekin harremanetan eta lankidetzan egitea eskatu izan dugu.