Lan esklabotasuna ekiditeko helburua

Lanbide arteko gutxienenko soldata, langileen bizitza duina bermatu beharko lukeena, egun langileen prekarizazioa eta pobretze sistematikoa gauzatzeko elementu bihurtu da. Izan ere, gaur egungo 655,20 eurorekin ez dago aukerarik bizitza duin bat izateko.

Bere burua salbatzeko, Espainiar estatuan azken urte hauetan eraso antolatu eta orokorra ematen ari da barne debaluazioa lortzeko, hau da, “konpetitibitatearen” izenean langileen pobretze eta prekarizatze orokorra izateko, horrela enpresarien etekin ekonomikoak handituz eta langile frankoren lan soldatak birrinduz.

Langileak esklabutza egoeratik ateratzeko, ELA eta LABek 1.200 euroko gutxieneko lan soldata ezartzearen aldarrikapenarekin bat egin dugu eta, zentzu horretan, hainbat ekimen aurkeztu ditugu. Sindikatuen agerraldiak eskatzeaz gain, 2014an ekimena aurkeztu genuen, gutxieneko soldata igo zedin ibilbide orria zehazteko. Alta, EAJk eta PSEk bat egin zuten proposamenaren muina desaktibatzeko. Horrez gain, Jaurlaritzari eskatu genion soldata minimoaren azpitik ordaintzen zuten enpresariekin harremanak etetea. Hori onartzeari ere uko egin zioten.