Erakundeetatik (ere) aldarrikapena bultzatuz

Azken urteetan arlo soziolaboralean estatuaren aldetik hartu diren hainbat neurrik ondorio latzak ekarri dizkigu. Negoziazio kolektiboa da bat, eta une honetan dagoen egoera ez da samurra; blokeo orokorra izateaz gain, hitzarmen estatalizazio progresiboa gertatzen ari da eta lan baldintzak kaskartzen ari dira.
Confebask patronala eroso dago marko horretan eta, egoeraz baliatuta, funtsean lan erreformaren ondorioetan sakontzen ari den proposamen berriak kaleratzen ari da, Jaurlaritzaren oinarrizko oniritziarekin.

Hitzetatik eta adierazpenetatik haratago, gehiengo politiko, sozial eta sindikalak lan harremanak bertan eztabaidatu eta erabakitzearen nahiarekin bat, hainbat proposamen bideratu ditugu, hala nola, EAEko lan hitzarmenen estatalizazio etengabekoa errefusatuz, edo Jaurlaritzari lan harremanetarako eta negoziazio kolektiborako euskal esparrua gauzatzeko jarrera proaktiboa eskatuz.

Marko propio horren oinarrizko aldarrikapenean, ordea, ez dugu gainontzekoen konplizitaterik topatu. Bereziki salagarria eta tristea bere burua abertzaletzat duen EAJrena. Jeltzaleek nahiago izan dute PSErekin batera status-quo-ari eustea.