Akordio basatiaren aurkako ahots bakarra

2015eko hasieran Hego Euskal Herriko hainbat kolektibo, sindikatu, alderdi politiko eta eragilek TTIParen aurkako agiria sinatu genuen. Europar Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko akordio ekonomikoak burujabetzaren eta demokraziaren ukatzea, gizarte eskubide gutxiago, prekaritate handiagoa, eta ingurumen arrisku gehiago ekarriko zigula salatu genuen.

Hala, agiri horren ondotik, 2015 eta 2016 urteak oparoak izan dira legebiltzarrean, TTIPari dagokionean. Gainontzeko alderdiei (EAJ, PSE, PP eta UPyD) deseroso sentiarazten dituen gai horietakoa dela ezin ukatu. Ahal bada, ganberatik ahalik eta urrutien izaten saiatzen diren horietakoa.

EH Bilduk blokeo hori gainditu du eta eztabaida Gasteizen izan dugu hainbat ekimenekin: lehenik, nazioarteko hitzarmen ekonomikoetan adituak ekarri ditu agerraldiak egitera, eta baita sindikatu guztiak, akordioak ekarriko dizkigun ondorio kaltegarriak azpimarratzeko; bigarrenik, Jaurlaritzaren bozeramaileak bilkuretan interpelatu ditugu, agerian utziz EAJ ere akordio horren alde lerrokatzen dela praktikan; eta hirugarrenik, mozioak aurkeztu ditugu, akordioa herri gisa errefusatzeko eta Lakuak kontsulta baterako prozesua diseinatu dezan.