Lidergo publiko sendoa aldarrikatu dugu, haustura soziala ekiditeko politika publikoak egiteko

Azken urteetan aurrekontuak egiteko eta garatzeko modu bakarra dagoela sinestarazi nahi izan digute, ekonomia bera ikusteko eta irakurtzeko ikuspuntu bakarra ere nagusitu nahian.

Horrela, Europako gobernuetan, ezker zein eskuin, ekonomia eta kudeaketa publikoa ulertzeko ikuspuntu liberala nagusi izan da eta bada. EAJren Jaurlaritza ere zurrunbilo horretan egon da.

Hala, errezeta okerra aplikatu dute, ondorio larriekin: pobrezia handitzea, ezberdintasunak areagotzea, zerbitzu publikoak murriztea...

EH Bilduren aburuz, politika publikoen eta bereziki aurrekontuen helburu nagusiak gizartearen kohesioa sustatzea, ezberdintasunak eta haustura sozialak ekiditea eta prebenitzea, eta garapen ekonomiko orekatu baten norabidea eta zutabeak jartzea izan behar dute. Eta horretan buru belarri aritu gara, Jaurlaritzaren aurrekontuen aurrean alternatibak planteatuz, urtean zehar adostutako neurriak gauzatzeko, herritarren eskaerei erantzuteko hartutako akordioak aurrera eramateko eta, finean, herritarren eta ez alderdien edo hauen mesedetan bizi direnen aldeko aurrekontuak proposatzeko.