Datorren ikasturterako matrikulazio kanpainan murgilduta gaude eta eta berriz ere ikasturte berrirako ikasleak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko diren erabakitzeko unea da. Matrikulazioak tramite hutsa izatetik edukiz eta argudio politikoz betetako ekintza izan beharko luke, hau da, Euskal Herria euskaldunaren bidean urrats garrantzitsua.

Zoritxarrez, aspaldi dakigu ez dagoela bete-betean euskalduntzen duen eredurik. A ereduak ez du euskalduntzen. B ereduan ikasleen 2/3ak ez dira euskalduntzen. D ereduan 1/3 ez da euskalduntzen.

Datuok oso kezkagarriak dira eta euskalgintza zein hezkuntza komunitateak urteak dira ereduak agortuak daudela adierazi zutenetik. Euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen du eta, normalizazioaren bidean aurrera urratsik ematen ez badugu, atzera egiten egongo garra.

Gainera, inposatu nahi diguten LOMCErekin eta Uriartek babestutako aplikazioarekin ereduok mantenduko dira euskararen normalizazioari kalte eginez.

Ezin ahaztu, gainera, hezkuntza sistemak helburu izan behar duela, baita ere, kohesio soziala indartzea. Hezkuntza sistemak integraziorako tresna izan behar du eta, datuek argi erakusten digutenez, hizkuntza ereduetan egiten diren hautuek harreman zuzena dute kohesio eta integrazio sozialaren aldetik dauden gabeziekin. Horregatik azpimarratu nahi dugu hizkuntzak kohesio eta integraziorako tresna direla eta hemen, Euskal Herrian, ikasleak euskaldunak izateak kohesio eta integrazio soziala indartzea dakar. Hezkuntza sistemak ikasle euskaldunak lortzea kohesio sozialaren alde doa.

EH Bilduk bere garaian Euskararen Kontseiluak osatutako 'Ikasle Euskaldun Eleaniztunak Sortzen' dokumentuaren alde egiten dugu berriz ere jendartean eta hezkuntza eragileen artean kontsentsu zabalena lortu duen planteamendua delako, eta egun, ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen bakarra delako.

Beraz, ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen mantentze eta murgiltze eredu bakarraren bidean, euskaraz matrikulatzeko hautua egin dezaten dei egiten diegu familiei, praktikan D ereduaren aldeko hautua eginez.

Matrikulazio Kanpaina D eredua