Gaur argitaratu dira EHAA-BOPVn Heziberri 2020ren azken dekretu curricularrak. Bertan, berriz ere, prozesuan zehar hezkuntza sailak errepikatu duen bezala, LOMCEren eta Madrilgo inposizioaren aplikazioan aurrera jarraitzea da Jaurlaritzaren hautua.

Dekretuok eragileen eta alderdion ekarpenak kontuan izan gabe onartuak izan dira eta gardentasunik gabeko prozesu baten ondorio dira. Dekretuok LOMCEren Euskal Autonomia Erkidegorako aplikazioa baino ez dira.

Bertan, LOMCE aplikatzen dela ziurtatzeko mekanismo indartsuena diren azterketa/errebalidak mantentzen ditu (3. eta 6. LHkoak, DBHkoak...), LOMCEk ziurtatzen dituen erlijio katolikoarekiko pribilejio berdinak mantentzen ditu eta, hizkuntzari dagokionean, euskararen normalizazioan aurrera urratsak ematea bermatzen ez duten hizkuntza ereduak mantentzen ditu D ereduaren kaltetan. Gainera, ez du profil eskakizunik zehazten.

Dekretu curricular honek ez du konpetentzien garapen integralaren alde egiten. Konpetentziak ez daude Euskal Herriaren beharretara egokituta eta, beraz, praktikan, eredu pedagogiko akademizista mantentzen du (ikasgaiak eta hauen azterketak).

Hori gutxi ez eta, ez du euskal kulturaren transmisiorik bermatzen. LOMCEren euskal dimentsioa izanik ez dira Euskal Herritik Euskal Herrirako sortutako dekretuak.

Orain arteko Heziberri 2020 egitasmoak ez du Hezkuntza Sistema Propioa eta burujabe batek beharko lituzkeen oinarriak barnebiltzen:

  • Curriculum eta ebaluazio sistema propioa
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen murgiltze eredua
  • Eredu askatzaile, inklusibo eta hezkidetzailea
  • Aurreko ezaugarriak egikaritzeko marko pedagogiko eta normatibo burujabe eta propioa, alegia, hezkuntza lege burujabe eta propioa.

EH Bilduren aburuz, Euskal Herrian gure bide propioa egiteko tenorean gaude. Hezkuntzan ere burujabetza osoa eskuratzeko unerik egokienean aurkitzen gara. Bada garaia Madrilgo legeei men egin ordez hezkuntza komunitatearen gehiengoaren iritziari jarraiki Euskal Herrian behar dugun Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko urrats erabakigarriak emateko.

Beraz, EH Bilduk ez ditu dekretuok babesten eta LOMCE ez aplikatzeko eta gaurdanik gure Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko konpromisoan berresten gara.