EH Bilduk ordezkaritza duen legebiltzar guztietan ekimenak abian jarriko ditu Palestinako Estatuaren onarpen ofiziala sustatzeko.

Koalizioak Palestinaren aldeko ekimen politikoa sakontzeko duen lan lerroaren baitan, EH Bilduk Palestinako Agintaritza Nazionalaren deiari erantzun eta koalizio soberanistak ordezkaritza duen biltzarretako indar politikoei okupazioarekin bukatzeko eta Nazio Batuen ebazpenetan onarturiko mugetan estatu palestinar bat eratzeko neurriak proposatuko ditu.

Abu Abbas, Palestinako presidenteak, NBEn Batzar Nagusian 2012an esan zuen moduan, "Gazaren aurkako Israelgo erasoak berriro baieztatu du Israelgo okupazioa amaitzeko behar urgente eta premiazkoa; eta Palestinak bere askatasuna eta independentzia lortzeko beharra. Eraso honek, gainera, Israelgo Gobernuaren okupazio, indarkeri eta gerra politikaren mantentzea argi usten du, eta aldi berean, nazioarteko komunitatea Palestinako herriarekiko eta bakearekiko duen erantzukizuna betetzera behartzen du".

EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du legeen eta nazioarteko ebazpenen errespetua. Nahitaezkoa da, nazioarteko komunitateak, Israelen okupazioa amaitzeko neurriak ezartzea.

Honengatik guztiarengatik, EH Bilduk mozioak bultzatuko ditu EAE eta Nafarroako parlamentuetan eta, Madrilen legebiltzarreko beste indarrekin harremanetan jarriko da helburu berarekin. Horrez gain, EH Bildu - Herriek Erabakiko europarlamentariak, Josu Juaristik, GUE/NGL ezker taldeak Europako parlamentuan martxan daukan lan-ildoan txertatuko du gaia.

Ekimen horien lehenengo helburua Estatu Palestinarra Estatu Subirano gisa aitortzea izango da. Honetaz gain, 1967tik aurrera okupaturiko Palestinako lurralde guztien okupazioari berehalako bukaera eman eta estatuen arteko bizikidetza ahalbidetuko dituen akordio baketsua sustatzea izango dute helburu.

Ekimenok Gazari inposaturiko blokeoa militarra amaitu eta mugako pasabideak irekitzearen beharra azpimarratuko dute eta nazioarteko komunitatearen inplikazioa eskatuko dute, Palestinako populazioarentzako laguntza humanitarioa handitu eta Gazako berreraikuntza eta suspertze ekonomikoan parte hartu dezaten.