Bihar, larunbata, Amerikako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoaren aurkako protesta eguna deitu da kontinente osoan, TTIP deritzona. Herritarren gehiengoak sigla horiek ezezagunak dituen arren, Euskal Herrian zein EBeko gainerako herrialdeetan, ezkutatu egiten dute azken hamarkadetan aurrean izan dugun mehatxurik handiena: herrien burujabetzaren, lan eskubideen, zerbitzu publikoen, elikadura burujabetzaren eta pertsonen duintasunaren aurkako mehatxurik handiena, hain zuzen ere.


TTIPk botere gehiago emango die enpresa transnazionalei, horretarako legebiltzarrei eta instituzioei legeak egin eta herritarren eskubideak eta zerbitzu publikoak kudeatzeko gaitasuna kenduta. Herritarrei bizkarra emanda negoziatutako ituna da, Bruselan ugari diren lobbietako bulego ilunetan batzar sekretuetan landutakoa. Urrats gehiago bat da logika kapitalistaren bidean, pertsonak baino, kontsumitzaileak subjektu dituenak. Lan, ingurumen zein segurtasun araudi desberdinak desagerrarazi nahi dituzte, Europako Batzordeak berak dioenez "korporazioentzat kostuak murriztu eta atzerapen antzuak saihesteko".

Benetako mehatxuak dira, besteak beste pertsonen osasuna arriskuan jarriko dutenak, izan ere, TTIPk multinazionalei Europan topatu ahal dituzten oztopo legalak erraz gainditzeko aukera eman ez ezik, batasunaren baitako araudietatik at jarduteko bidea zabalik izango dute gai garrantzitsuenetan, transgenikoetan, hormonen zein pestiziden erabilpenean kasu, kontrolik gabe lehiatuko dira markatuan. Merkataritza askatasunak egungo berme eskasak eta arreta printzipio guztiak gainditzeko aukera emango die.

Akordio honek inoiz ezagutu gabeko zigorgabetasun estatusa eskainiko die transnazionalei, hain da larria ezen beren interesen aurkako legerik onartuz gero, gobernuak salatu eta milioietako kalte ordainak eskatzeko eskubidea izango dutela, horretarako botere publikoetatik at sortuko diren epaitegi berezien bitartez, inbertitzaileak estatuen aurrean defendatzeko aitzakiarekin.

Hitzarmen hau, subiranotasunaren eta eremu guztietan herrien erabakitzeko ahalmenaren kontrako erasoa da. Euskal Herriaren kasuan, TTIPa onetsiz gero, erkidego gobernuei eta bestelako instituzio propioei hemengo herritar eta ondorioak pairatuko dituzten sektoreen eskubideak eta interesak defendatzea galaraziko zaie. Itun hau indarrean sartuz gero, adibidez, euskal gizartearen gaitzespen sendoa jaso duen frackingaren ustiapena geldiarazteko saiakera legal alferrekoak izango dira.

Guzti honengatik, Euskal Herria Bildutik protesta egun honekin bat egin nahi dugu, herrien burujabetasuna murriztu eta haien baliabideak modu arduratsu eta jasangarri batean kudeatzeko ahalmena kendu nahi dizkieten arau multzo honen kontra eginez. Beti ere, herritarren eskubideak defendatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. Horregatik, herritarrei Euskal Herriko kaleetan, Bilbon kasu, egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera dei egiten diegu. Eta, era berean, beste indar politikoei dei egiten diegu, gure herriaren askatasuna eta bizitzeko duintasuna mehatxatzen duen hitzarmen honekiko aldeko jarrera buelta eman diezaioten.

Preseski, EHBilduko europarlamentari Josu Juaristi, -hitzarmen hau babesten duten popular eta sozialisten kontrako borrokaren buru GUE-NGL talde ezkertiarraren partaide- argudio hauen defentsan izango da gaur arratsaldean Iruñeko Katakrak elkargunean, TTIPren ondorioak aztertuko dituen mahai inguru batean.