GARAk argitaratutako iritzi artikulua:

Juanjo Agirrezabala, Belen Arrondo eta Rebeka Ubera, EH BIilduko legebiltzarkideak, Gasteizen. 

Lomce aplikatzeko erabakia hartu du Jaurlaritzak, eta horrela 2014/2015 ikasturtean indarrean sartu da gure ikastetxeetan, hezkuntza komunitatearen eta jendartearen gehiengoaren borondatearen aurka.

Lomceren aplikazioa, indarrean jartzea, Eusko Jaurlaritzak bere kudeaketaren ereduari jarraiki, kontu handiz zaindu eta iragarri nahi izan digu. Hots, akordioaren bidez. Jaurlaritzak Madrilekin, Uriartek Wert-ekin lortutako akordio, paktuaren bidez; irailaren 29ko Euskal Herriko agintaritzaren aldizkarian argitaratuz. Akordiorik ez zegoen tokian akordioa salduz, iritzi publikoa nahastuz eta engainatu nahian, eta Lomce-ri aurre egin beharrean, itxurak egitea lehenetsiz. Madrilekiko menpekotasun egoera beste behin onartzeaz gain, datozen belaunaldien eta euskal gizartearen etorkizuna baldintzatzen eta menpekotasuna betikotzen duena. Egungo hezkuntza eredua betikotu nahi du.

Eta guzti horri gehitu behar diogu, Wert-ek bere erreforma berzentralizatzaile, uniformizatzaile eta adoktrintzailean hasieratik bere bedeinkazioa eman ziela gaur egun EAEn indarrean dugun hizkuntza ereduen sistemari. Euskalduntzen ez duen ereduen sistemari. Eta etor litezkeen bestelako hobekuntza eta aldaketei atea itxiz *. Beraz, kezkagarria oso Jaurlaritzaren menpekotasun jarrera. Beste behin Madrilera begira jarri da.  Lomce-ri aurre eginez euskal jendartean aukera eta adostasuna dagoenean, akordioak lortzeko hizkuntza eredu sisteman murgiltze eredurantz jauzia egiteko, aukera ukatu du. Baina argi dago, bakoitzak bere bidelagunak aukeratzen dituela. Baina ez da onargarria eta ez da zilegi etorkizuneko belaunaldiak hipotekatu eta gure hezkuntza sistema propioaren aldeko bidea eta euskara bera kolokan jartzea. Ez da zilegi euskal jendarteari eta hezkuntza komunitateari hemen erabakitzeko gaitasuna lapurtu eta beste batzuen eskuetan uztea.

Noraezean, iparrik gabe dago Hezkuntza Saila. Herritarroi erantzunik ematen ez dizkiguten sasi irtenbideak planteatuz, Heziberri 2020 kasu, zeinak Lomce-ri kilimak ere egiten ez dizkion. Hezkuntza gastu bezala ulertzen du PNV-k; EH BILDUrentzat etorkizuna eraikitzeko inbertsioa da. Azpimarratu nahi dugu hezkuntza herri baten eraikuntzan oinarrizko zutabe dela.

Aukera zegoen, eta oraindik ere egon daiteke egiazko akordioetarako, hemen, Euskal Herrian erdietsitako akordioetarako, hezkuntza komunitatea protagonista izanda. Asmo horrekin bat egin nahi dugu EH Bilduko kideok. Eta horregatik proposatu genuen – arrakastarik gabe legebiltzarrean- eta berriro mahai gainean jarri nahi dugu, eskua luzatuz, ponentzia bat sortzea, non hezkuntza eragile guztiak parte hartzeaz gain guztion artean –hezkuntza eragile, hezkuntza saila, legebiltzarkide taldeak, ikasleak, irakasleak, familiak- finkatu eta adostuko ditugun Lomce-ri aurre egiteko mekanismoak eta hezkuntza sistema propio baten aldeko urratsak. Guztiok konpromisoak bereganatuz eta partekatuz hezkuntza sistema propioa defendatu eta eraikitzeko.

Asko dugu egiteko, baina orain arteko bidea aintzat hartuz, baditugu abiapuntu diren eta garatzeko premia dutela uste dugun adostasun zabala batzen duten oinarrizko edukiak: ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusibo, konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea, aukera berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritua; Euskal Herriarentzat curriculum propioa; ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra; hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan; eta Euskal Herrirako aurretiaz aipatutako puntuak barnebilduko dituen marko pedagogiko eta normatibo propioa, hezkuntza lege berria, alegia.

Euskal Herritarron garapen integrala eta Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzuan egongo den kalitatezko hezkuntza sistema propioa nahi du EH Bilduk. Hezkuntza sistema eredu propioa eta publiko berria. Denon artean eraiki beharrekoa. Euskalduna, herritarra, demokratikoa eta parte hartzailea, hezkidetzailea, anitza eta inklusiboa, Euskal Herritik munduari begiratuko diona. Horretarako erabakiak hemen hartu behar ditugu.

Guk elkarlana nahi eta ahalbideratu nahi dugu, sasi irtenbideak baztertuz. Kontziente gara herri honetan hezkuntza sisteman zintzilik ditugun eztabaida eta korapiloei ere aurre egin beharko diegula. Baina pentsatzen dugu orain momentu aproposa dela eztabaida horiei ekiteko, asko dugulako jokoan eta. Horregatik, Lomce-ren aurkako eta hezkuntza sistema propio baten aldeko dinamikak babestu eta bultzatuko ditugu. Horregatik urriaren 11an Hego Euskal Herriko kaleetan hezkuntza eragileek deitutako mobilizazioekin ere bat egingo dugu eta bertan izango gara, guztion artean eraikitzen joan garen hezkuntza sistema propio eta berria eraiki eta defendatzeko.