Aurreko urtarrilaren 12an, euskal presoen eskubideen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena burutu zen Bilboko kaleetan. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian burutu diren manifestazio jendetsuenetakoa izan zen hilaren 12koa.

EH Bilduren iritziz, manifestazioaren leloak primeran laburbiltzen du euskal gehiengo politiko eta sozialaren aldarria eta exijentzia: Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira.

Herri interpelazio erraldoia suposatu zuen Bilboko mobilizazioak. Lehenik eta behin, Espainia eta Frantziako gobernuak izan ziren interpelatuak, gatazkaren konponbiderako aukeraren aurrean duten blokeo jarrerarengatik eta jarrera hori, hein handi batean, euskal presoen eskubideen urraketan oinarritzeagatik.

Baina era berean, eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak izan gara interpelatuak. Euskal jendarteak konpromisoak eskatzen dizkigu guztioi; dispertsioarekin amaitzeko, giza eskubide guztien aitortza eta errespeturako, gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako.

Aldarrikapen horiek lehentasunezkoak ditu EH Bilduk, bidezkoak izateaz gain gizartearentzat ere garrantzitsuak direla argi geratu delako.

Presoen eskubideen inguruko adostasuna dago euskal gizartean. Euskaldunok jakin baitakigu presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko zama jasanezina izango duela.

Gatazka politikoaren ondorioei aurre egiteko garaia heldu da, aspalditxo iritsi zen egia esanda. Eta aitortu beharra dago zenbait arlotan aurrerapausoak eman badira ere, asko dagoela egiteko normalizazio arloan, elkarbitzitzan, biktima guztien aitorpenean eta abar baino arlo bakarra dago inolako aurrerapausorik eman ez dena eta hori presoen eskubideena da, non jarrerarik inmobilistenak ikusten ari garen.
Guzti hori dela eta gaurko agerraldi honetan EH Bildu koalizioa euskal presoen eskubideen alde hartzera doan konpromisoen berri ematera gatozkizue.
Ezinbestekoa da lehen bait lehen dispertsioa eta suposatzen duen eskubide urraketarekin amaitzea eta konponbide prozesuari Madrilek eta Parisek ezartzen dioten blokeoa gainditzea. Horregatik, arestian esan bezala, EH Bilduk eta koalizioaren hautetsiek helburu hauekin bat egiten duten heinean, aldarrikapen hauek instituzio guztietara eramango dituzte.

Horrela bada, honako konpromisoak jakinarazi nahi ditugu gaurkoan:

  • Bihartik aurrera, "Giza eskubideak. Konponbide. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" aldarrikapena bilduko duen kredentziala eramango dute EH Bilduko hautetsi guztiek.
  • Era berean, aldarrikapen berbera udaletxe ezberdinetara eraman asmo dugu, leku ikusgarrietan eskegiz.