Laura Mintegik ohartarazi duenez, "horrelako erabakiekin badirudi, Poliziak oinetan tiro egin ondoren, langileek hegan egiten zutela esaten zen garaira itzuli garela".

Gasteizko Instrukzio 2. Epaitegiak Xuban Nafarratek Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa artxibatzea "oso albiste txarra" dela adierazi du Laura Mintegik. Nafarrate larri zauriturik atera zen 2012ko martxoaren 29an egindako greba orokorrean, Gasteizen, eta Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo egin zuela salatu zuen. Bere bertsioaren sinesgarritasuna ziurtatzeko, gazte gasteiztarrak bideo bat erakutsi zuen, eta horren bitartez agerian utzi zuen Rodolfo Ares orduko Herrizaingo sailburuak emandako azalpenak ez zirela egiazkoak, honen kontakizuna bertan behera utziz.

Salaketaren artxibatzearen berri izan eta gero, Mintegik ohartarazi du "horrelako erabakiekin badirudi, Poliziak oinetan tiro egin ondoren, langileek hegan egiten zutela esaten zen garaira itzuli garela". EH Bilduko bozeramaileak "Poliziaren gehiegikeria guztiak argitzeko" exijitu du eta, horren harira, horren alde lan egiteko borondaterik ez izatea egotzi dio Herrizaingo Sailari. Izan ere, Arartekoak esanak ere gogora ekarri ditu, bai Xuban Nafarrateren auzian, bai Iñigo Cabacasen auzian Arartekoak berak ere Jaurlaritzaren kolaborazio falta salatu baitu, eta Ertzaintzak indarra justifikaziorik gabe erabili zuela ebatzi du.

Laura Mintegik "paradigma berria" eskatu du Ertzaintzarentzat, bai eta "gehiegikeriak behin betiko baztertuko dituen polizia eredu bat" ere, herritarren zerbitzura egon dadin eta herritarren segurtasuna berma dezan. Bere iritziz, paradigma berriak ekarri beharko du, gainera, "autonomikoak ez diren baina gure herrian presentzia duten polizia indarrak ateratzea".

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.