Ordezkaritza zabala izango du EH Bilduk igandean Donostian, Gure Esku Dagok deituta demokraziaren eta askatasunaren defentsan egingo den manifestazioan. Maddalen Iriartek, Pello Urizarrek, Jasone Agirrek, Nerea Kortajarenak, Juan Karlos Izagirrek eta Reyes Carrerek osatuko dute EH Bilduren ordezkaritza.

Bizi dugun une politikoan eta historikoan, Euskal Herrian demokrazian aldarrikapena egitea ezinbestekotzat jotzen du EH Bilduk. Espainiako estatua, Europan eta munduan barrena zabaltzen ari den joerari jarraituta, inboluzio demokratiko sakon batean murgilduta dago. Arriskuan daude euskal herritarrek beren lan eta ekinaren bitartez hamarkadetan irabazitako eskubide politikoak, ekonomikoak eta sozialak.

Inboluzio horren erakusle garbiena asteon Madrilen Kataluniako buruzagi independentisten aurka egiten ari diren epaiketa. Epaiketa hasi aurretik ere oso agerikoa zena geratu zen agerian Oriol Junquerasek atzo egindako deklarazioan. Epaiketa politikoa da, beraien ideiengatik epaitzen dituzte eta preso politikoak dira. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea dira Gorenean epaitzen ari direnak. Horrenbestez, demokrazia eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dugun guztiok epaitzen ari dira.

Egoera horretan, ezinbestekoa uste du EH Bilduk demokraziaren eta herri zein norbanako gisa dagozkigun eskubide politikoen, sozialen eta ekonomikoen defentsan kalean mobilizatzea eta instituzioetan lan egitea. Eta, aldi berean, sinergiak eta elkarlanak bilatzea herri honetan, herri izaerako akordioen bitartez lan eta aldarrikapen hori eraginkorragoa izateko. Herri bezala jokatzeko unea dela azpimarratu du EH Bilduk. Horregatik guztiagatik, igandean Donostiako kaleetan izango da EH Bildu, Gure Esku Dagok deitutako mobilizazioan.