EH Bilduk proposamena egin du Legebiltzarrean museoaren finantziazio publikoa ziurtatzeko. Onartezina eta lotsagarria da Artziniegakoa bezalako museo bat ixtea instituzioek finantziazioa ukatzen diotelako.

“Artziniegako Museo Etnografikoaren kasua paradigmatikoa da. Urteetan erreferente nagusienetariko bat bilakatu da euskal etnografia alorrean, baina atzodanik itxita dago instituzioak hiltzen uzten ari direlako. Artziniegako Museoak ezin hobeto erakusten du zein den instituzioen politika kulturala: Guggenheim efektuak itsututa, horixe da lehenesten duten eredua, kultura herrikoia, gertukoa, mespretxatu egiten duten bitartean. Artziniegako Museoaren itxierak ez gaitu, tamalez, ustekabean harrapatu; ondo genekien zer nolako arazo ekonomikoak dituen eta horregatik pasa den astean legez besteko proposamena aurkeztu genuen Legebiltzarrean egoera konpontzeko asmoz”.

Josu Estarronak azaldu bezala, EH Bilduk ekimena hartu du Jaurlaritzak Artziniegako Museoaren biziraupena berma dezan bertako Udal eta Arabako Aldundiarekin batera. Zehazki, Lakuari eskatu dio, lehenik eta behin, 40.000 euro erabil ditzala aurten museoaren jarduna finantzatzeko eta, bigarrenik, finantziazio bide egonkorrak ziurtatu ditzala Udal eta Aldundiarekin elkarlanean.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du pasa den ekainean talde parlamentario guztiek, aho batez, Artziniegako Museo Etnografikoaren balioa eta ibilbidea goraipatu zutela. Are gehiago, adostu zuten museo etnografikoen sare bat sortzea eta udal eta aldundiekiko lankidetza indartzea finantziazio publikoa ziurtatzeko, museo horien arazo ekonomikoak behin betiko konpontzeko. “Hori guztia duela sei hilabete adostu genuen, baina gaur Artziniegako Museoa itxita dago. Ulertezina da EAJren arduragabekeria, lotsagarria da arinkeria horrekin jokatzea eta Euskal Herriko museo etnografiko onenetariko bat hiltzen uztea; ez dugu ulertzen zer nolako interesak izan ditzakeen EAJk museo horrek Artziniegarako, Aiaralderako eta, oro har, Araba eta Euskal Herri osorako duen garrantzia kontuan hartuta”.