Jone Goirizelaiaren hitzetan, argi dago “justizia zeharo politizaturik dagoela Estatu espainolean”, hipoteken ebazpenak, Bateragune auziak edo Altsasuko gazteen kasuak erakusten duten bezala

EH Bilduk Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrak salatu dezan “Espainiako Auzitegi Gorenak hipoteken zergaren gainean urriaren 18an hartutako epaia aldatzeko erabilitako jukutria, bankuen presiopean eta haien mesedetan egiten dela ulertzen duelako”. Era berean, ebazpenak salatzen du “helburu politikoekin edo justiziarekin berarekin zerikusirik ez duten bestelako xedeekin justiziaz egiten den erabilera”, eta aldarrikatzen du “botere judizial propio baten sorrera”.

Jone Goirizelaia legebiltzarkideak adierazi duenez, “justizia zeharo politizaturik dago Estatu espainolean”, eta hala dela frogatzen duten hainbat adibide aipatu ditu: Estrasburgok Bateragune auziko epaiketa ez zela justua izan ebatzi izana; Nazioarteko epaitegik agerian utzi dituzten Kataluniako prozesu independentistari dagozkion ebazpenak; Altsasuko gazteekin gertatutakoa edota Auzitegi Gorenak hipoteken zergaren inguruan emandako ebazpena. Azken hau biziki deigarria izan da: “Atzo ezagutu genuen bezala, behin betiko epaia herritarren aldekoa izatetik herritarren kontrakoa izatera pasatu da, bankuen mesedetan”, azpimarratu du EH Bilduko ordezkariak.

Herri demokratiko batek justizia independente eta inpartziala behar du, baina, gaur egun, justizia arloan ditugun eskumenak oso murritzak dira. Horregatik, Goirizelaiak Botere Judizial propio baten beharra aldarrikatu du: “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estatus politiko berria lantzen ari den honetan, lan egin behar dugu benetako botere judizial bat erdiesteko, justizia modu azkar, independiente eta garden batean egin ahal izan dadin, herritarren mesedetan”.

TWITTER