Hurrengo udal eta foro hauteskundeetarako zein Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko irekia dagoen prozeduraren barruan, Josu Juaristi eta Lorena Lopez de Lacalleren artean aukeratu beharko dute EH Bildun inskribatuak daudenek, Europako hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzeko. Izan ere, bi pertsona horiek erabaki dute barne prozedurara aurkeztea eta hauteskunde batzordeak erabaki du barne-araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituztela.


Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatua izan da azken legealdian. Kazetaria ikasketaz eta ofizioz, hainbat hedabidetan egin du lan, baina Egin eta Garan eman du ia bere ibilbide osoa. Gara egunkariaren barruan hainbat ardura izan ditu: nazioarteko saileko arduraduna, erredaktore-burua eta zuzendaria ere izan da.


Lorena Lopez de Lacalle 25 urtean izan da Europar Batasuneko eta Nazio Batuen sistemaren barruan interprete. GKE ezberdinetan ekintzaile izan da. Egun ALE, Europako estaturik gabeko nazioen alderdiko presidenteordea da eta bere ibilbide politikoan hainbat ardura izan ditu, besteak beste, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu.


Azaroaren 9tik 22ra barne kanpaina egingo dute bi hautagaiek. Aukera berdintasuna eta gardentasuna bermatzeko, baliabideak jarriko ditu EH Bilduk hautagaien eskura. Azaroaren 23tik eta 25eta bitartean egingo dira bozketak. Modu telematikoan edo modu presentzialean eman ahal izango dute botoa inskribatuek. Horretarako, baina, elkarrekin.ehbildu.eus aplikazioan izena emanda egon beharko dira derrigorrean.

TWITTER