EH Bilduren Donostiako egoitzan bilera egin dute, gaur goizean, EH Bilduko talde parlamentarioko ordezkariek eta LABeko delegazio batek. EAEko estatus politiko berriaren inguruan alderdi politikoekin bilera erronda egiten ari da sindikatua, eta gaur EH Bildurekin elkartu da. Bileraren helburua izan da LABek EH Bilduri azaltzea zer eskatzen dion Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko berriari.

EH Bilduren ordezkaritza osatu dute Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordean lanean ari diren hiru ordezkariek: Maddalen Iriarte, Pello Urizar eta Unai Urruzuno. LABetik, aldiz, honako hauek osatu dute ordezkaritza: Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, Xabier Ugartemendia ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko idazkaria eta Maider Jauregi komunikazio idazkaria.

Bilera emankorra izan dela adierazi dute EH Bilduko ordezkariek, bilkura amaitu ostean. EH Bilduk garrantzia berezia ematen dio estatus politiko berriari eragile sindikalek, sozialek eta herritarrek beraiek egindako ekarpenari, ekimen parlamentariotik harago doan zerbait dela uste duelako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren eguneroko bizitzan eragiten duen zerbait izanda, dauden arazoak zuzentzeko eta konpontzeko baliabideak eta tresnak denon eskura jarriko ditu estatus berriak.

Zentzu horretan, EAErako estatus politiko berriak lan harremanetarako euskal esparrua sortu eta indartzeko beharraren garrantzia azpimarratu dio LAB sindikatuak EH Bilduri. Indar subiranistak ere bere egiten du aldarrikapen hori, bitarteko horrekin aukerak izango direlako lan harremanekin zerikusia daukan guztia hemen eta hemengo errealitatearen baitan erabakitzeko, kanpoko esku-hartzerik gabe. Hau da, estatus politiko berriaren helburu nagusia da herritarren eguneroko bizitza hobetzea, lan arloko eremuan ere bai.

Bestelako gai batzuk aztertzeko ere baliatu dute bilkura EH Bildu eta LABeko ordezkariek. Besteak beste, EAEko aurrekontuen inguruan mintzatu dira.

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.