Oihana Etxebarrietak azpimarratu du “enpresek, gizarteko eragile garrantzitsuenetariko moduan, izugarrizko ardura dutela ezberdintasuna sustatu edo aldatzeko garaian”. Horregatik, salatu du Gobernuak emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak oztopatzea.

EH Bilduk proposamen zehatza aurkeztu du gaur Legebiltzarrean parekidetasunaren bidean aurrera egiteko: Enpresetan berdintasun ziurtagiri bat sortzea eskatu du. Berdintasunaren aldeko ekimen positibo bat izan arren, Legez Besteko Proposamena ez da aurrera atera, EAJk eta PSEk, PPrekin batera, atea itxi diotelako. Hortaz, Jaurlaritzak ez du martxan jarriko enpresek berdintasunaren alde egiten dituzten praktika onak saritzeko ziurtagiria.

“Enpresek, gizarteko eragile garrantzitsuenetariko moduan, izugarrizko ardura dute ezberdintasuna sustatu edo hau aldatzeko garaian. Eta hona ekarri dugun hau, proposamen konstruktiboa da, posibilista, eta beharrezkoa. Beharrezkoa, ez duelako balio betikoarekin jarraitzeak, ideia berriak behar ditugu, 2018ko titularrak 2019an errepikatu ez daitezen”, azaldu du Oihana Etxebarrietak Osoko bilkuran. Bere hitzetan, “ziurtagiri bat sortzea eskatzen genuen, zeinak eragile eta adituen laguntzarekin, enpresek bete beharrezko gutxienekoak izendatuko zituen. Hontara atxikitzen zirenak kontratazio publikoetan saritzea ere proposatzen genuen. Eta horri ere ezetz esan diozue”, leporatu die gobernukideei.

Horregatik, EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du “pena handiarekin” hartu duela EAJ eta PSEren ezetza: “Berdintasunaz ari gara, lan parekidetasunaz, emakumeok pairatzen dugun bazterkeriaz, kontziliazioaz, arrakalaz eta hainbat gauza gehiagoz. Beraz, edo denak berdin jarraitzea nahi dugu, emakumeok prekarietatean geratu daitezela ziurtatzeko, edo ausartzen gara”.

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.