Ekarpen Legearen joan-etorriekin eta etengabe ematen diren atzerapenekin kezkatuta azaldu da EH Bildu. Izan ere, bihar Euskal Finantzen Batzordea bilduko da, baina landuko dituzten gaien artean ez dago Ekarpen Legearena. “Udal Legeak dioena baino bi urte eta erdi beranduago egin du Eudelek txostena eta Euskal Finantzen Kontseiluaren eskuetan dago. Eta urtea amaitu aurretik gai hau bideratua eta zuzendua egongo dela esaten ari dira. Denbora aurrera doa, baina ez da urratsik eman”, adierazi du Eneko Maioz EH Bilduko udalgintzako arduradunak eta Eudelen izenean Euskal Finantzen Kontseiluko ordezkariak.

Bestalde, kezkatuta azaldu da Maioz, Ekarpen Lege berri bat onartuz gero ez delako udalen finantzen nahikotasuna bermatuko. “Ekarpen legea berria legegintzaldi honetan onartzen bada lurralde arteko oreka hobetzen lagunduko dezake baino ez du udalen finantza nahikotasunean inongo aurrerapausorik emango. Oinarri txarrarekin hasten da ekarpen lege justuago bat adostu ahal izateko aukera”.

Maiozek azpimarratu duenez, “aipaturiko txostena ez da eskumenen arabera eta datu homogeneoekin egin, lurralde bakoitzak kontabilitatea era ezberdinean eramaten baitu bere udaletan. Txostenaren ondorio nagusia da EAEko toki erakundeak nahiko finantziazio dutela eta, gainera, legez diru gehiago biltzeko aukera dutela”.

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.