Aurrekontuen eztabaidaren aurrean izango duen jarrera erabaki du gaur EH Bilduren mahai politikoak, Donostian egindako ohiko bileran. EH Bilduk erantzukizuneko jarrera zintzoa izango du eztabaida honetan, eta bi abstentzio jarriko ditu mahai gainean, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek bizkarrik ez badiote ematen gizarteak aldarrikatzen dituen aldaketei. Ezkerreko indar subiranistak lehentasun bezala jarri du gutxieneko pentsioak 1080 eurora arte osatzen joatea, kalitatezko enplegu egonkorra sortzea, batez ere gazteei eta emakumeei eragiten dien lan prekarietarearekin amaitzen joatea eta gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak hartzea.

Maddalen Iriarte legebiltzar taldeko bozeramailea eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eman dute hartutako erabakiaren berri. Iriartek gogoratu du EAJ eta PSE-EEk osatzen duten gobernua gutxiegoan dagoela eta EH Bilduk herri akordioak egiteko deia egin ziela EAJri, Podemosi eta eragile sindikal eta sozialei. EAJk, ordea, nahiago izan zuen PSE-Eerekin gutxiengoan dagoen gobernua osatu eta PPren botoak erabili aurrekontuak eta zerga politikaren inguruko neurriak aurrera ateratzeko. “Legealdiak iraun bitartean, PPren babesa izaten jarraituko zutela uste zuen EAJk. Baina PP Espainiako gobernutik kentzeko mugimenduaren ondoren, EAJk PPren babesa galdu du aurrekontuak aurrera ateratzeko edo kutsu neoliberaleko neurri guztiak aurrera ateratzeko”.

Horrez gain, azken hilabeteetan izan diren mobilizazio sozialek ere baldintzatzen dute, EH Bilduren ustez, aurrekontuen inguruko debatea. “urten gauza asko aldatu dira gure herrian, herritarren haserreak eraginda kaleak beteta izan direlako: pentsiodunak, emakumeak, gazteak, presoen eskubideen alde daudenak edota gure ontziolen industriaren alde daudenek bere buruarekin gustura den Gobernua ispiluaren aurrean jarri dute. Eta ezin da aurrekonturik egin EAEn eta Nafarroan errealitate hori aintzat hartu gabe”, adierazi du Iriartek.

EH Bilduk azpimarratu nahi du EAEko aurrekontuen debatearekin hasi ere ezin dela egin azken urteetan herritarrekin egindako aldarrikapenak eta premiazko beharrak aintzat hartu gabe: Horregatik, honela abiatzen du debate hau EH Bilduk:

Pentsioak: Gure egiten ditugu euskal pentsiodunen aldarrikapenak: nahikotasunera heltzen diren pentsio duinak. Gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izateko helburuarekin, eta gure eskuduntzek ahalbidetutako tresnak baliatuta, gutxieneko pentsioak osatzen joan behar gara, aurrekontuen partida sendo bat horra bideratuta. Modu horretara, milaka pentsiodunen egoera arinduko dugu, batez ere alargunena. Gure lehentasuna da pentsio oso-oso txikiak jasotzen dituzten emakumeen egoera hobetzea.

Enplegu politikak:
XXI. mendean egon arren, emakumeok ikaragarrizko soldata arrakalari egin behar diogu aurre. Lan berdina egiteagatik soldata txikiagoak jasotzen jarraitzen dugu. Diskriminazio egoera honekin amaitu behar da. Emakumeok soldata eta lan baldintza duinak izateko, aurrekontuetan askoz inbertsio handiagoa egin beharra dago.
Gazteen arteko langabezia Europako gure inguruko herrietan baino 10 puntu handiagoa dugu hemen eta, gainera, sortzen den enplegua prekarioa eta behin-behinekoa da. Inoiz izan dugu belaunaldi prestatuena badaukagu, agintari politikoen ardura izan behar da gure gazteek hemen lan eta bizi baldintza duinak edukitzea.

“Hauek dira EH Bilduren lehentasunak. Euskal gizartearen gehiengoaren lehentasunak ere badirela uste dugu”, agertu du Iriartek. “Pentsio duinak, prekarietatean oinarritzen ez den enpleguaren sorrera... Arazo horiei irtenbidea bilatzea exijitzen ari dira herritarrak. Europako herrialderik aurreratuen parean jarri nahi badugu, berehala hasi behar gara norabide horretan urratsak ematen, autokonplazientzia arrasto guztiak albo batera uzten eta herri ikuspegiz eta anbizio handiagoarekin jokatzen. Aurrekontuek ezin diete bizkarra eman premiazko behar sozial horiei, gure herrian gutxiengoa dien eliteei mesede egiteko”.

Indarrean dituen politiketan aldaketak egiten hastea eskatu dio Iriartek Jaurlaritzari. “Gure adineko pertsonek, gazteek eta emakumeek dituzten beharrizanak asetzeko diru-sarreren eta gastuen politikak aldatzen hastea lehen urratsa izango da Eusko Jaurlaritza azken urteetan egiten ari den politika ekonomikoa, fiskalak eta enplegu arlokoak zuzentzen hasteko”.

“EH Bilduk eskua luzatzen du, baina ez aurrekontuen inguruko akordioa lotzeko, baizik eta azken urteetan gizartearen egiazko beharretatik oso urrun dagoen anbiziorik gabeko gobernu ahul honek egin dituen politikak zuzentzen hasteko”, azpimarratu du EH Bilduren legebiltzar taldeko bozeramaileak.

“Gobernu horren eta lehendakariaren esku dago herritarren beharrei bizkarra ematen jarraitzea edo EH Bilduren eskaintza hartzea, modu partzialean bada ere, premiazko larri horiei konponbidea ematen hasteko”, esan du. “EH Bildurekin akordioa egiteak esan nahiko du politika horiek zuzentzen hasten direla eta norabide egokian jartzen hasten direlako. Zuzenketa hori gertatzen bada, gure talde parlamentarioak bi abstentzioaren abala emango luke. Gure eskua horretarako dago luzatuta”.