Urtemuga berezi honetan, Katalunian egin zen erreferendum independentistaren lehen urteurrenean, EH Bilduk eta EH Baik bat egiten dute erabakitzeko eskubidearen defentsan eta egikaritzeko helburuan, demokrazian eta herritarrek hitza ematean dagoelako herri aurreratuek bere arazo politiko eta sozialak konponbidea. Horrela egin dute eta egingo dute munduko herri aurreratuenetan: Kanada-Quebec, Erresuma Batua-Eskozia, Danimarka-Faroe Uharteak….

Espainiako eta Frantziako estatuek, aldiz, demokraziaren bestelako kontzeptua dute, eta ez dute erabakitzeko eskubidearen izaera demokratiko sakon hori aintzat hartzen. Gaurko egunez iaz Katalunian bizi izan ziren irudiak horren erakusle dira. Espainiako estatuak mundu osoari agerian utzi zion estatu demokratiko izatetik oso urruti dagoela. Milaka izan ziren modu baketsuan botoa ematera joan eta poliziaren kolpe bortitzak jasota zaurituak izan ziren herritar kataluniarrak. Ez hori bakarrik. Oraindik ere espetxean daude iazko galdeketa egitea ahalbidetu zuten politikari kataluniarrak eta bere ordezkari gorenak, presidentea barne, erbestean daude. Egun seinalatu honetan, EH Bilduk eta EH baik gogoan izan nahi dute Kataluniako herri osoa eta, nola ez, espetxean dituzten preso politikoak eta erbestean egotera behartzen dituzten Kataluniako herriaren ordezkari instituzional legitimoak. Gure babes eta elkartasuna guztiei.

Katalunian prezioa ordaindu zuten eta ordaintzen ari dira erreferenduma egiteagatik, baina EH Bilduk eta EH Baik azpimarratu nahi dute joan den urteko urriaren 1ean Kataluniako herriak erabakia hartu zuela bere etorkizun politikoaren inguruan. Espainiako estatuak ezarritako oztopo legal, politiko eta polizial guztien gainetik, Kataluniako herriak erabaki egin zuen. Kataluniak Europari eta munduari erakutsi zion galdetu eta erabaki daitekeela. Hori da joan den urteko urriaren 1etik atera daitekeen leziorik esanguratsuena.

Hori horrela izanda, EH Bilduk eta EH Baik, Euskal Herria bere osotasunean barne-biltzen duen ezker subiranistak, bere herriari adierazi nahi dio erabakitzeko eskubidearen aldarria eta berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herriaren eraikuntza bere aldarri eta helburu nagusiak direla. Soilik burujabetzaren bidetik lortuko baita bestelako parametro sozial eta politikoetan oinarritutako Euskal Herria aske eta demokratikoa eraikitzea. Lanean gaude, eta lanean jarraituko dugu.

Ez da hori, ordea, urriaren 1 honetan EH Bilduk eta EH Baik helarazi euskal jendarteari helarazi nahi dion mezu bakarra. Gure herrian, oraindik ere, eta ETA erakundearen desagerpenetik ia 5 hilabete joan direnean, bake integrala lortzetik urruti gaude. Ipar Euskal Herrian, bake artisauek erakutsi zuten badela bide bat bake integral hori lortzeko bidean aurrera urratsak emateko: herritarrak oinarri-oinarritik egindako lana eta horri babes eta sustengua ematen dion klase politiko arduratsua eta konprometitua. Soilik horrela, ikuspegi integral eta indarrak elkar hartuta lan eginez lortzen baita aurrera egitea eta iraganeko klabe zaharkituetatik ihes egitea.

Izan ere, oraindik ere bada gatazka eta bere konponbidea etekin politiko eta elektorala erdiesteko helburua dutenak, batez ere Espainiako estatuan. Bada gatazkaren irtenbidea “galtzaileen eta garaileen” logikan ulertzen dutenak eta hori sozializatu nahi dutenak. Bada, oraindik ere, bakea eta demokrazia soilik bere ikuspegitik eta bere interesetarako ulertzen dutenak. Horren erakusle da, hain justu, gaur bertan Madrilen Espainiako eta Frantziako estatuek irudikatu nahi dutena: galtzaileen eta irabazleen irudia. Zentzu horretan, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ekimen horretan parte hartzea desegokia eta ulertezina iruditzen zaigu, logika horrekin bat egitea suposatzen duelako eta, modu horretara, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bake integralaren eraikuntzari bizkarra ematen diolako. Are ulertezinagoa iruditzen zaigu jokabide hori, bake integralaren eta elkarbizitzaren aldeko bestelako ekimenetan parte hartzeari uko egin dionean.

EH Bilduk eta EH Baik gure herrian bake integrala erdiesteko gure konpromisoa berresten dugu. Integrala ez den bakea, galtzaileen eta garaileen logikan oinarritzen den bakea, ez delako bake erreala. Ez delako gure herriak eskatzen duena eta behar duena.