Durango erdian, Ezkurdi plazan, Espainiako Polizia Nazionalak egin duen indar eta mendekotasun erakustaldiaren aurrean, bere haserrea agertu nahi du EH Bilduk. Izan ere, Polizia Nazionalak bere karpa jarri du eta dituen metrailetak eta bestelako armak erakusgai jarri ditu.

Indar subiranistak onartezintzat jo du polizia batek, kasu honetan Espainiako Polizia Nazionalak, horrelako indar erakustaldia egitea herritarren aurrean. Ekimen honen helburua argia zen: hemen nork agintzen duen argi uztea eta euskal herritarrei agerian uztea zer nolako indarra erabil dezaketen beraien aurka. Espainiako estatuarekin dugun harreman eredua aldatzeko beharrak ondo baino hobeto laburbiltzen du gaur Durangon ikusi dugun argazkiak, mendekotasunean oinarritzen den harremana delako; beharrezkoa da berdinetik berdinerako harremana izatea Espainiako estatuarekin, horrelako egoerak errepikatzea saihesteko.

Bestalde, bere kezka eta egonezina helaraziko dio EH Bilduk Durangoko Udalari eta Bizkaiko Aldundiari, euskal herritarren artean beldurra zabaltzeko helburua baino ez duten horrelako egoerak gertatu izanaren erantzuleak direlako. Durangoko Udala izan da udalerriaren erdigunea militaritzeko, beren karpa jartzeko eta dituzten armak erakusteko baimena eman diona Polizia Nazionalari. Eta, aldi berean, Bizkaiko Diputazioa ez da gai izan La Vueltako antolakuntzari eta bere inguruan dagoen guztiari argi uzteko Euskal Herrian gaudela eta gure herriaren izaera errespetatu beharra dagoela.

Amaitzeko, eta gaur Durangon gertatutakoaren larritasunaren aurrean, Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak agerraldia egingo du bihar Bilboko EHBilgunean, eguerdiko 12:00etan, udalerriko eta Bizkaiko EH Bilduko ordezkari politikoekin batera, horrelako gertaerak Durangon eta Euskal Herria osoan berriro ez gertatzea helburu izango duten egingo dituzten ekimen instituzional eta politikoak iragartzeko.

TWITTER