Instituzioen arteko mahaia huts egiten ari da iristen ari diren etorkinen artapena egiteko garaian, eta presazko artapenari herritar taldeak egiten diotela aurre agerian utzi du koalizioak. Gainera, egunotan Hego Euskal Herrira heltzen ari diren pertsona etorkinak artatzeagatik Osakidetzak faktura egiteko datuak eskatu dituela salatu du

EH Bilduko hainbat ordezkari hurbil-hurbiletik jarraitzen ari dira Hego Euskal Herrira iristen diren pertsona etorkinek bizi duten egoera eta nola instituzioak ez diren gai izaten ari pertsona horiek guztiak modu onean artatzeko eta tratu egokia eskaintzeko. Zentzu horretan, EH Bilduk nabarmendu nahi du eragileak eta herritarrak egiten ari diren lana, haiek izaten ari direlako pertsona etorkinei laguntza eskaintzen ari direnak eta behar duten guztia eskaintzen diena.

Pertsona etorkinak pertsona eta herritar bezala artatu eta tratatu behar direla nabarmendu du EH Bilduk, transitoan egon zein ez, eskubidedun herritarrak direlako. Eta eskubide hauek ez dira bermatzen ari erakunde nagusien aldetik, agerian utziz legokiekeen gestioaren porrota, herritar taldeak ari direla betetzen. Hain justu, hemengo instituzioak ez direla hori egiten ari nabarmendu du indar subiranistak. Horren adibide gisa jarri dute Osakidetza egiten ari dena, daukan larritasunagatik, artatzen dituen etorkinei datuak eskatu eta eskainitako zerbitzuagatik kobratu egin nahi dietelako.

Hego Euskal Herrira heltzen ari diren pertsona etorkinei arreta eta tratu egokia eskaintzeko, baliabideak handitzea eskatu die EH Bilduk instituzioei, herritarrak ari baitira beren borondatez uzten dituzten hutsune larriak betetzen.