Martina Andersonek Ibon Fernandez Iradi Lannemezaneko espetxean ostiral honetan bisitatzeko baimena jaso du

Larri gaixo diren euskal preso politikoak bisitatzeko ekimena aurkeztu du gaur Bruselan europar diputatu talde batek. Basque Friendship Groupeko kide diren diputatu hauen ekimena Lidia Senrak (Galiziako europar diputatua GUE/NGLn), Mark Demesmaekerrek (NVAko europar diputatua, ECR taldean) eta Josu Juaristi EH Bilduko nazioarteko arduradunak aurkeztu dute.

Ekimen honen lehenengo emaitza ostiral honetan bertan gauzatuko dela adierazi du Lidia Senrak, Martina Anderson Sinn Féineko europar diputatuak Lannemezanen preso dagoen Ibon Fernandez Iradi bisitatuko baitu, horretarako baimena jaso ondoren.

Mark Demesmaekerrek adierazi duenez, larri gaixo diren presoak bisitatzeko ekimen honen helburu nagusia "pertsona hauen egoera lehen eskutik ezagutzea da, eta gutxienez Friendshipa sortu zenetik Europako Parlamentuan preso dauden pertsonen eskubideak defenditzeko egiten den lanarekin jarraitzea, batez ere eta bereziki larri gaixo dauden presoen eskubideak, kartzelatik kanpo egon beharko luketeelako".

Lehenengo eskari errondan zeintzuk eta zeinentzat eskatu dituzten bisitak azaldu du Galiziako europar diputatuak: Lynn Boylan eta Martina Anderson (Sinn Féinetik), Josep-Maria Terricabras (ERCtik), Mark Demesmaeker (N-VAtik) eta Lidia Senra bera dira Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Gorka Fraile eta Ibon Fernandez Iradi ikusteko eskaria egin dutenak. "Estatu espainoletik erantzuna jasotzeko zain gaude, eta erantzun positiboa izatea espero dugu, horixe baita logikoa eta bidezkoa, eta Europar Batasunak defenditzen dituen printzipioekin eta baloreekin bat datorrena". Norabide horretan, "Frantziatik heldu den lehenengo erantzunak bidea markatu beharko lukeela uste dugu", erantsi du Senrak.

N-VAko diputatuak, bere aldetik, urruntze politika eta preso gaixoen aurkako neurriak arindu beharrean (ETAk bere jarduera armatua orain dela sei urte pasa eman zuela bukatutzat gogorarazi du Demesmaekerrek) okertu egin duela salatu du, eta hainbat datu eman ditu horri buruz. Bi kontu hauek espreski aipatu ditu Mark Demesmaekerrek prentsaurrekoan, orain dela bi urte zazpi europar diputatuk preso politikoen egoerari buruz egindako txostena aipatuz eta, bereziki, joan zen urrian Europako Parlamentuak Europar Batasuneko espetxe sistemei eta baldintzei buruz ia ahobatez onartu zuen erresoluzioa nabarmenduz. Txostenean zein erresoluzioan, urruntze politikak gaitzesten dira eta preso gaixoen eskubideak bermatzeko exijitzen da, erresoluzioan larri gaixo dauden presoen kondenak errebisatzeko eskatzen delarik.

Josu Juaristik testuinguruan jarri du ekimen hau, Etxeratek azken lau urteotan Europako Parlamentura egindako bisitetan kokatuz abiapuntua. "Bisita hauetan, ia talde politiko guztiekin biltzeaz gain, elkartasuna eta konpromiso zehatzak jaso zituzten. Horietako bat da larri gaixo dauden preso politikoak bisitatzeko gaur aurkeztu den ekimen hau", adierazi du EH Bilduko ordezkariak.