Europako Terrorismoaren Biktimen Egunaren karietara Eusko Jaurlaritzak larunbaterako deitutako ekitaldian ez du parte hartuko EH Bilduk. Ezkerreko indar subiranista ahaleginak egin ditu ekitaldiaren izaera inklusiboa izateko eta etorkizunera begirako jarrera eraikitzailea izateko, baina Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak nahiago izan du atzera begirako irakurketa partziala egin; bakea eta bizikidetzan aurrera urratsak eman eta jarrera eraikitzailea erakutsi beharrean, nahiago izan du alderdi interesetan gelditu. Erantzukizunagatik hartu du erabaki hau EH Bilduk, uste baitu konponbide integrak baterako ezinbestekoa dela zoru sendo eta ez partziala ezartzea.

Jaurlaritzak deitu eta antolatutako ekitaldian EH Bildu izango ez bada ere, EH Bilduren ordezkaritza bat bai izango da Nafarroako Gobernuak deitutako ekitaldian. Bilboko ekitaldian ez bezala, Iruñekoan bakea eta elkarbizitza eraikitzeko jarrera eraikitzailea eta inklusiboa ikusten du EH Bilduk, biktima guzti-guztiak aintzat hartuko dituena eta alderdi interesak ordezkatu beharrean, herri eta gizarte interesak ordezkatzen dituena.

Bere sorreratik bertatik, biktima guztiak aintzat hartzeko eta bizikidetzan eta elkarbizitzan urratsak emateko borondatea agertu du EH Bilduk. Azken egunetan horren adibide esanguratsuak ikusi ditugu. Hala nola, aurreko larunbatean Isaias Carrasco zinegotzi sozialista oroitzeko ekitaldian izan zen lehen aldiz EH Bilduko ordezkaritza bat. Aurretik, Miguel Angel Blanco oroitzeko ekitaldietan ere izan da. Eta beste urrats asko ere eman ditu azken urteetan. Hau da, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan aurrera urratsak izango diren eta jarrera inklusiboa duten ekimen guztietan parte hartu du EH Bilduk, eta etorkizunean ere horrela egingo du, erantzukizunagatik eta horixe delako euskal gizartearen aurrean hartua daukan konpromisoa.