Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan kontra-erreforma fiskalak onartzeko EAJ, PP eta PSEk lotu zuten akordioaren ondoren, diputazioetako foru gobernuek aurkeztu dituzte beren foru arauak. Aurreikuspena da otsailean eta martxoan onartzea.

Aurrekontuen jasangarritasunerako eta, beraz, zerbitzu publikoetarako eta langileen interes ekonomikoentzat, onartuko dituzten neurriak oso txarrak direla uste dugu. EAJk eta PPk adostutako aldaketek -gerora batu zen akordiora PSE, modu ulertezin batean- enpresa handiei baino ez diete mesede egiten; izan ere, beren zerga ekarpenak 4 puntu txikiagoa izango da orain. Confebask berak aitortu zuen moduan, 500 milioi euro gutxiagokoa izango da sozietateen zergaren diru-bilketa. Hau da, alderdi politiko horiek 500 milioi euro oparituko dizkiete enpresei.

Orain arte inork argitu ez duena da zein beste bidetatik jasoko diren 500 milioi euro horiek, konpentsazio hori langileetatik etorriko dela pentsa genezake. Helburua argia da: langileei eta familiei zergak igo eta enpresei jaitsi.

Enpresek irabazi handiagoak dituztenean, zergatik jaisten zaizkie zergak eta zergatik ez dute ordaintzen lortzen dituzten irabazien arabera? Herritarrok gure zerga guzti-guztiak ordaintzen ditugunean, bidegabea da enpresei zergak jaistea eta 500 milioi euro barkatzea. 500 milioi gutxiago osasunean, hezkuntzan, enplegu politikan edota babes sozialean. Neurri horiek, horrenbestez, arduragabeak eta bidegabeak dira.

Prozedurari dagokionez, arauek agintzen dutenaren kontrara, foru arau berriak onartu nahi dituzte txosten ekonomikorik aurkeztu gabe. Hau da, izango duten eragin ekonomikoa aurreikusi gabe onartu nahi dituzte aldaketak; jakin gabe nola eragingo duen honek guztiak instituzioetan. Bereziki larria da udalen egoera, eztabaida eta erabakietatik at dauden instituzioak, baina aldaketek zuzenean eragingo diete.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk errekurtsoa aurkeztuko du Euskal Finantzen Kontseiluan, eta bertan eskatuko du azken honek diputazioei exijitzea prozedura modu egokian egiteko eta zerga erreformak onartu aurretik txosten ekonomikoak egiteko eta jendaurrean aurkezteko. Halaber, zerga bilketaren aurreikuspenak egiteko ardura daukan erakundea izatean, EFK-k txosten horiek aztertzea eskatzen du bere errekurtsoan EH Bilduk.