EH Bilduk elkartasuna adierazi die Ugartekoren salaketaren ondorioz etzi epaituak izango diren GARA eta NAIZ hedabideei, bertako kazetariei eta Cabacas familiaren abokatu Jone Goirizelaiari.

EH Bilduk babes eta elkartasuna adierazi nahi die GARA eta NAIZ komunikabideei, Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo egunkariko kazetariei eta Iñigo Cabacasen familiaren abokatu Jone Goirizelaiari, etzi epaituko baitituzte Ugarteko ertzainburuaren salaketa baten ondorioz Cabacas auziaren baitan euren lana egiteagatik, Ertzaintzak Basauriko gaztea hil zuen egunean benetan gertatu zena argitzen saiatzeagatik, informazio zuzena emateagatik. Azken batean, egin dutena abokatuek, batetik, eta hedabideek, bestetik, demokrazia batean duten funtzio soziala betetzea baino ez da izan.

Guztiz lotsagarria da, eta sistema judiziala oso toki txarrean jartzen du, Cabacasen heriotzari buruz egingo den lehenengo epaiketan krimen hartako arduradunak ez egotea akusatuen aulkian eserita, egia bilatu duten pertsonak baizik. Jada ia sei urte igaro dira Iñigo hil zutenetik eta bada garaia gertatu zena behingoz argitzeko eta errudunak epaitu eta kondenatzeko; inolako zentzurik ez duena eta lekuz kanpo dagoena da kasuari buruzko informazioa eman dutenak epaitzea Cabacas zegoen tokian “guztiarekin sartzeko” agindua eman zuen ertzainaren erantzukizuna seinalatzeagatik. Bistakoa da Justiziak ez duela berdin jokatzen gainerako hedabideekin.

Cabacas familiaren mina areagotzeaz gain, etzi ahozko epaiketara iritsiko den prozesu judiziala prentsa askatasunaren aurkako eraso zuzena da eta herritarrek duten informazio zuzena jasotzeko eskubidea urratzen du. Gainera, gezurra dirudien arren, justizia eta erreparazio bila Cabacas familiaren abokatuak egindako akusazio lana ere jomugan dago, Goirizelaia etzi akusatuen aulkian eseriko baita bere lana egiteagatik, Ugartekok Iñigoren heriotzan izan zuen ardura salatzeagatik, horixe baita, hain justu, orain ertzainburuak leporatzen diona, ez hankarik ez bururik ez duena.