Mikel Oterok egia ez esatea egotzi dio Jaurlaritzari, ez delako egia salgaien garraioa bermaturik dagoela. “AHTak ez ditu arazoak konpontzen eta ordaintzerik ez dugun diru xahuketa da bere osotasunean”.

EH Bilduren iritziz, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren eta Iñigo de la Serna Sustapen ministro espainolaren arteko atzoko bilerak argi utzi du “Abiadura Handiko Trenaren proiektua, bere osotasunean, diru xahuketa dela eta, gainera, ez dituela garraio arloan ditugun arazoak konpontzen”. Mikel Oterok adierazi duenez, “lehentasunak bestelakoak dira eta proiektua berriz pentsatzeko unea iritsi da, beste herri batzuetan egin duten moduan”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du instituzio publikoek 10.000 milioi euro inguru gastatu beharko dituztela proiektua amaitzeko. “Horrek esan nahi du euskal familia bakoitzari AHTa 15.000 euro kostatuko zaiola gutxi gorabehera, eta gastu hori ez da justifikatzen, inondik inora, ustez aurreztuko dugun denborarekin. Nork ordainduko ditu 25-30 euro, edo gehiago, Gasteiztik Bilbora joateko 20 minutu lehenago iristeagatik, autobusez joanez gero sei euro bakarrik kostatzen bazaio?”.

Eta hori guztia salgaien garraioaren arazoa konpondu gabe, gainera. Oteroren hitzetan, “atzo argi geratu zen Gasteiz eta Burgos arteko AHT lerroak ez dituela merkantziak eramango eta Euskal Y-a moztuta geratzen dela”. Hori dela eta, egia ez esatea leporatu dio Jaurlaritzari. Izan ere, “egiari muzin eginez, Arantza Tapiak kontrakoa esan zuen. Jaurlaritzarentzat salgaien garraioa bermatzea abiadura baino garrantzitsuagoa dela esan zuen, eta horrekin ados egon gaitezke, baina Espainiak hori bermatu duela esaten duenean ez du egia esaten, atzo ministroak kontrakoa esan zuelako. AHTak ez du salgairik garraiatuko Burgosera, eta salgaien garraioa existitzen ez den proiektu baten baitan geratzen da”.

Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Euskal Y-a abiadura handiko sare espainolean txertaturik dagoela eta horren araberakoa dela; hau da, bidaiariak garraiatzeko bakarrik pentsatuta dago, munduan zehar biztanleko kilometro gehien dituena da eta gutxien erabiltzen dena da.