Rebeka Uberak haur eskolen sare publikoan doakotasuna orokortzeko lehenengo urratsa emateko proposamena egin du Legebiltzarrean.

EH Bilduk Haurreskolak Partzuergoan, 0-3 urteko zikloan, doakotasuna modu progresiboan ezartzeko eta orokortzeko lehenengo urratsa ematea proposatu du Legebiltzarrean. Zehazki, Rebeka Uberak aurkeztu duen legez besteko proposamenaren arabera, “2018-2019 ikasturtetik aurrera 18.000 eurotik beherako errenta duten familiek ez lukete ordaindu beharko, haientzat zerbitzua doakoa bailitzateke”. Uberak berak azaldu duenez, “0-3 urteko ziklo osoa doakoa izan dadila nahi dugu, Lehen edo Bigarren Hezkuntza bezalaxe, eta gure proposamena norabide horretan doa”.

EH Bilduko legebiltzarkideak behar-beharrezkotzat jo du Haurreskolak Partzuergoak duen izaera estrategikoa aintzat hartzea eta Jaurlaritzak horren arabera jokatzea, 0-3 zikloaren aldeko apustu tinkoa eginez. “Hala ere, ez da hori azken urteotan ikusi duguna, ez dirudi Haurreskolak lehentasuna direnik Urkullu Gobernuarentzat, eta horren adierazle da Partzuergoko langileek gaur eginiko greba masiboa”.

Hortaz, haurreskolei bultzada emateko xedez, EH Bilduren proposamenak Jaurlaritzari eskatzen dio doakotasunaren bidean urratsak ematen has dadila, komunikazio kanpainak egin ditzala matrikuluazioa sustatzeko eta bertan matrikulatzeko aukera eman dezala gainerako hezkuntza etapetan egiten den epealdietan ere.