“Kataluniako Parlamentuak diktaduraren biktimei erreparazio juridikoa emateko legea onartu zuen aho batez; hemen, ordea, EAJk legalitate espainolaren aldeko hautua egin du”, salatu du Julen Arzuagak.

“Iraingarria eta umiliagarria, kontraesan ulertezina”. Hitz horiek erabili ditu gaur Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak frankismoaren biktimei erreparazio juridikoa emateko lege proposamenari EAJk eman dion ezezkoa definitzeko. Izan ere, EAJk PPrekin bat egin du eta bien artean atzera bota dute lege proposamen hori, frankismoaren epaiketak eta prozedura judizialak indargabetzea planteatzen duena, diktaduraren biktimei erreparazio juridikoa ematearren. Arzuagaren iritziz, EAJ horren kontra agertzea “oso larria” da, “biktimak iraindu eta umiliatu” dituelako.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Kataluniako Parlamentuak lege bera aho batez onartu zuela pasa den ekainean, Auzitegi Konstituzional espainolak eragotzi gabe. Gasteizko Legebiltzarrean, aldiz, EAJk teknizismo legal bati heldu dio han bezala ez jokatzeko. “EAJk Kataluniako bidea har zezakeen, baina Espainiako legalitatea aukeratu du, eta frankismoaren biktimak aitortu eta erreparatzearen aurka egin du PPrekin batera”. Hori dela eta, Arzuagak jeltzaleen “kontraesan ulertezina” salatu du, diktaduraren biktimen aldeko ekitaldietan parte hartzen dutelako eta gaur, ordea, erreparazio juridikoa ukatu dietelako.