Zerga ereduaren inguruan akordiorik ez izatea eta indar politiko, sindikal eta sozialen artean elkarrizketarik ere ez abiatu izana txarretsi du EH Bilduk. Egoera “larria” dela adierazi du Leire Pinedo legebiltzarkideak eta zerga politikarako EH Bilduren idazkariak. “EAJk eta PSEk egin duten kudeaketa negargarriaren eta gaitasun faltaren ondorioa da egoera hau. Herritarrek ez dute zertan ordaindu beharrik dituzten barne lehiak ez eta akordiorako daukaten gaitasun eza”.

Duela 5 hilabete, debate publikoa irekitzea proposatu zuela EH Bilduk gogoratu du Pinedok. Bakoitzak bere proposamenak aurkeztu ahal izatea eta guztiok jendaurrean bere burua definitzea ziren proposamen horien helburu nagusiak. “Gure proposamena eragile sindikalei, sozialei eta politikoei bidali genien, eztabaida irekitzeko asmoarekin. Eztabaida irekitzeko keinu txikiena ere ez dugu jaso EAJtik eta PSEtik”, agertu du.

Pinedoren hitzetan, hiru herrialdeetako gobernuek eta Eusko Jaurlaritzak, eta gobernu horiek sustengatzen dituztenek, “porrot” egin dute. Era berean, elkarrizketarako eta akordioak lotzeko EH Bilduren prestutasuna azaldu du. “Eztabaidarako eta akordioak lotzeko prest gaude, baldin eta gehiengo sozialaren eta langileen onurarako bada, enpresei dagokien ekarpena egitea eskatzen bazaie eta, era horretara, kalitatezko zerbitzu publikoak izatea laguntzen badugu. Itxura baten EAJk egin nahi duen eran enpresei zergak jaitsi nahi bazaizkie herritarrok gehiago ordaindu behar izateko, EH Bilduk ez du inolaz ere babesik emango”.

Euskal Finantzen Kontseilua

Euskal Finantzen Kontseiluaren inguruan izan diren irregulartasunak aipatu ditu Eneko Maioz Eudeleko zuzendaritzako kideak, eta EAJk eta PSEk “bere intereserako” erabiltzen dituztela gune partekatuak salatu du. Azaldu duenez, astelehenean jaso zuen gaur arratsaldeko bilerarako gai-ordena, ez dago argi zerga ereduaz eztabaidatuko duten gaur, ez da dokumentazio osagarririk eman...

“Finantzen Euskal Kontseilua de facto bertan behera geratu dela uste dugu. Aspiazu sailburuak eta EAJk egindako kudeaketa negargarria, partidista eta irregularra salatu beharrean gara. Eudelen bidez ordezkatzen ditugun udalak babes faltan daude, eta egoera hau ezin dugu ontzat eman”, adierazi du Maiozek.