Gaur itxi da 1960 eta 1978 urteen artean Espainiako estatuko indarkeriaren biktima izandakoek errekonozimendua eta erreparazioa jaso ahal izateko Jaurlaritzak zabaldutako izena emateko epea. Egiaz direnak baino askoz gutxiago izan dira izena emandakoak. “Ez da behar den bezalako publizitate lanik egin eta biktima askok ez dute horren berririk, Espainiako estatuaren aldetik errekurtsoa ere aurkeztu zen. Horrek eragin kaltegarria izan du”, adierazi du Julen Arzuaga legebiltzarkideak eta izenik eman ez dutenak ehunka direla azpimarratu du. “Memoriari buruzko beste gai edo biktima sektoreekiko jarri dituzten bitartekoak eta egin dituzten ahaleginak ikusirik, hau ezin da utzikeria soila kontsideratu, baizik eta gure historiaren pasarte hau egia osoa eta justizia osoa eman gabe azkar ixteko borondate argia baizik”, azpimarratu du.

Arzuagak gogoratu duenez, 12/2016 legea tramitatu zenean EH Bilduk Legebiltzarrean adierazi zuen lege horrek, aurrerapausu bat suposatzen bazuen ere, biktimen arteko kategorizazioa indartzen zuela eta ez zuen irtenbide duin bat ematen Estatuko biktimei. Hau agerian geratu da 1960 eta 1978 urte bitartean estatuko indar polizial edo parapolizialak eragindako giza eskubideen urraketen biktimak errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko eskakizunak egiteko lege horrek ezarritako epea amaitu denean. “Frankismoaren azken garaian izandako urraketa larriak instituzio publikoen aldetik ikertzeko eta biktimak osatzeko lana amaitu omen da, itxi da leihatila. Ezin dugu hau ontzat eman, asko geratzen da egiteko oraindik”, esan du Arzuagak.

EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du biktima hauei ez zaielako behar den bezalako akonpainamendua eman. Epe zorrotzak, tramitazio zaila, kontsultak egiteko arreta eskasa, Espainiar gobernuak jarritako helegiteak sortu duen inseguridade juridikoak… “Guzti honek errekonozitu eta erreparatu behar omen diren biktimengan mesfidantza sortu du, eta Eusko Jaurlaritzaren Memoria eta Bizikidetzarako Idazkaritzak, Giza Eskubideen Zuzendaritza eta Gogora Institutua berak ez du ezer egin mesfidantza leuntzeko edo biktimekiko urruntasun hori konpontzeko”.