EH Bilduko diputatuak esan duenez, “indarkeria matxista bikotean sortzen denetik askoz haruntzago joan behar duela itunak”. Eta gogoratu duenez, “2004ko legean ere nabaritzen da hutsune hori eta beraz uste dugu indarkeria matxistaz hitz egitea garrantzitsua dela errealitate eta indarkeria guztiak haintzat hartu behar direlako”.

Badira ordea, EH Bilduri kezka sortzen dioten zalantza gehiago. Esaterako, “itun honetan ez jaso izana zuenean kondena duten aitek ez dutela inolaz ere zaintza partekaturik izango”, esan du Beitialarrangoitiak. Bere hitzetan “guztiz hori baztertu ez izana akats handia da, ikusi besterik ez dago aurten estatuan sei haur hil dituztela beraien aitek zaintza beraien ardurapean zeukatela”.

Horrez gain beste bi zalantza “garrantzitsu” aipatu ditu diputatu subiranistak. Batetik, neurriak inplementatuko diren ala ez edo paperean geratuko diren “aurrez gertatu zen bezala”. Beitialarrangoitiak gogoratu duenez Zapateroren gfaraian iritsi zen baita departamentu propio bat sortzera ere gaur egun jarri den baino aurrekontu handiagoa zeukana eta azkenean “ezer ezean geratu zena”. Eta bestetik, hezkuntzaren alorrari dagokiona, “honen baitan bakarrik gela barrukora mugatuz gero esparru oso zabal bat kanpoan geratuko litzateke, aisiladiarekin zerikusia duena eta gela barruan egin daitekeen horren eragina mugatua utzi dezakeena”, Marian Beitialarrangoitiaren berbetan.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Madrilen duen bozemaileak adierazi du “aurrepausuak bai baina motz geratzen dela ituna eta beraz ikusi beharko da gerora hau nola aplikatzen den”. “Ituna badago, horrek plan bat beharko du eta instituzioek gutxiago esan eta gehiago egin beharko dute”, esan du.

EH Bildu, Talde Mixtoaren baitan egonagatik, ez dauka ordezkaritzarik berdintasun batzordean. Irailean, gaia osoko bilkuratik igaro arte beraz, ezin izango du hitza hartu.