Leire Pinedo legebiltzarkideak eta zerga politikarako idazkariak aduerazi du Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak kupoaren inguruan adostu duten akordioan agerian uzten duela beste behin bi erakundeen artean ez dagoela aldebiko harremanik. “Hori irizpide gisa hartuta, izenpetutako akordioa ez da ona”.

Montorok eta Aspiazuk egindako akordiotik deigarria egin zaio Pinedori ezarritako defizit muga. “Bitxia da, baina gaur iragarritako defizit muga duela egun batzuk Montorok gainontzeko erkidegoentzat ezarritakoa da. Hau da, EAEk izango duen defizit muga ez dago bere egoera eta baldintza ekonomikoetara egokituta, horrek izango dituen ondorio kaltegarriekin”.

Horrek guztiak agerian uzten du Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean ez dagoela aldebiko harremanik. “Diferentzia bakarra dago: EAErako horrelako zerbait iragartzen denean, bilera baten ostean egiten da, baina iragarritakoaren edukiak eta horrek izango dituen ondorioak berberak dira”.

Bestalde, Pinedok nabarmendu du tankera honetako akordioak bakarrik gertatzen direla uneko Espainiako Gobernuak bestelako interesak dituenean. “Behar hori existituko ez balitz, PPk bestelako gai batzuk aurrera atera izan ahal izateko EAJren babesik beharko ez balu, tankera honetako akordioak inoiz ez ziren gertatuko, azken 10 urteotan kupoaren inguruko akordioaren berrikuspenik ez izateak agerian uzten duen moduan”. Honek guztiak agerian uzten du, Pinedoren hitzetan, bi instituzioen artean ez dagoela aldebiko harremanik.