Gaur jakitera eman den Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiaren, Mikel Cabieces PSEko buruzagi ohiaren eta Rafael Alkorta abokatuaren aurkako epaiak eta 'Kutxaban auzia' delakoaren inguruan geratutako guztiak ondorio politikoak izan beharko lituzkeela uste du EH Bilduk.

Lagunak babestea eta interes politikoak ordaintzea helburu zeukan Kutxabanken egindako kudeaketak, gaur ezagutu den epaitik ondorioztatu daitekeenez. Hau da, EAJk eta PSEk Kutxabank eta bere kapitala erabili zituzten elkarri mesede politikoak ordaintzeko; horretarako, gainera, finantza erakundearen izaera pribatuan babestu ziren (aurretik hori bermatu zuten, aipatutako bi alderdiek eta PPk egindako akordioaren bidez)

Erantzukizun nagusia zigortutako pertsonena da (Fernandez, Cabieces eta Alkorta), baina auzi honek erantzukizun politiko argiak ditu. Fernandez Kutxabankeko presidente izendatza EAJ, PSE eta PPren akordio baten ondoren etorri zen. Eta sententzia hau eragin duen Cabiecesi egindako ordainketek aipatu alderdietako ordezkariek Fernandezi egindako eskaeretan dute jatorria. Horrenbestez, EH Bilduk ez luke onartuko sententzia honek aipatutako hiru alderdietan ondorio politikoak ez izatea.