Murriztutako bidesari bateratua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordainpeko errepide sare osora zabaltzeko proposamena erregistratuko du EH Bilduk hiru herrialdeetako batzar nagusietan. Aurreko legealdian, EH Bilduren Gipuzkoako Foru Aldundia izan zen murriztutako bidesarien sistema herrialdeko ordainpeko errepideetan ezartzen aitzindaria. Gainera, sistema honek euskal herritarrentzat zituen abantailak ikusita, murriztutako sistema bateratzeko deia egin zien Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiei.

Orduan posible izan ez zena, legealdi honetan gauzatzen hasi da. Horrela jakinarazi dute Bizkaiko Aldundiko ordezkariek. Lehendabizi, murriztutako bidesarien sistema jartzeko asmoa azaldu dute eta, gainera, sistema hori bateratzea eta herrialde gehiagotara zabaltzeko asmoa ere adierazi dute.

EH Bildutik gure poza azaldu nahi dugu EAJren diputazioek azkenean zentzuzko bide hori hartu izanaz, horixe baita herritarren gehiengoaren borondatea aspalditik eta onurak baino ez dizkielako ekarriko ordainpeko errepideen euskal erabiltzaileei.

Murriztutako bidesarien sistema bateratua hiru herrialdetako ordainpeko errepide guztietara hedatzeko eskaeraz gainera, EH Bilduk hiru Batzar Nagusietan aurkeztuko duen ekimenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiei eskatuko die sistema hori Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko ordainpeko errepideetara hedatzeko lankidetzan aritu daitezela bertako administrazioekin, Nafarroako Gobernuarekin zein Euskal Elkargoari, hain zuzen.

Amaitzeko, EH Bilduk bere ekimenean aldarrikatzen du euskal errepide guzti-guztien eskumena euskal administrazioen menpe egotea eta eskatzen diote Espainiako Gobernuari bere menpe dauden errepideen eskumena euskal administrazioei bueltatzea.