IRUÑEAKO ALKATEA DEN JOSEBA ASIRON ETA ERRENTERIAKO ALKATEA DEN JULEN MENDOZAREN ADIERAZPEN BATERATUA, PASA DEN MARTXOAREN 11AN IRUÑEAN IZANDAKO GERTAKARIEN ETA ONDORENGO ERRENTERIAKO HIRU GAZTEEN ESPETXERATZEAREN AURREAN

Bi alkateok goian aipatutako gertakarien inguruan ondorengoa adierazten dugu:

• Orain arte bezala, garden eta irmo, pasa den larunbatean Iruñean izandako indarkeriazko gertaerak gaitzesten ditugu. Baita indarkeriaren edozein adierazpen ere.

• Irmotasun berarekin gaitzesten dugu Iruñean gertatutako istiluak terrorismo ekintzatzat kalifikatu nahi izatea. Kalifikazio hori erabat neurrigabea dela uste baitugu, iraganari eta salbuespen neurriei erantzuten diena. Eta gure herrian bakegintzan eta elkarbizitzan urratsak ematea oztopatzen duena.

• Uste dugu batzuek zein besteek iraganean nahi gaituztela, gainditutzat jotzen genituen gertaera, egoera eta dramak errepikatuaraziz. Bereziki kezkatzen gaitu zenbait sektorek indarkeriaren inguruan egiten duten ariketa nostalgiko eta hutsalak; era berean, eta irmotasun beraz, estatuaren jarrera inmobilistak eta salbuespenezko neurri eta politiken mantentzeak. Batzuek zein besteek gazte belaunaldi oso bat indarkeria eta sufrimenduaren ziklo berri batean katramilatu nahi dute eta iraganera bueltatzeko aukeretan pentsatze hutsak, gai honetan irmoak izatera garamatza.

• Momentu honetan Iruñeako espetxean dauden hiru gazteen berehalako askatasuna exijitu nahi dugu. Auzia Audientzia Nazionaletik epaitegi arruntera itzuli dezatela eskatzen dugu eta terrorismoaren kalifikazioa ken diezaietela.

• Gurasoei gure elkartasunik zintzoena helarazi nahi diegu, alkate zein aita garen aldetik. Izan duten ausardiagatik eta atzoko egunez argitaratu zuten adierazpenagatik zoriondu nahi ditugu. Era berean, herritarrei dei egiten diegu gaur arratsaldean 17:30ean Errenterian burutuko den manifestazioan parte hartzera, “Gure seme-alaben etorkizunaren alde” “Por el futuro de nuestros hijos e hijas” lelopean.

• Azkenik, pentsamendu eta hausnarketa bat helarazi nahi diogu jendarteari, eta bereziki klase politikoari. Iraganeko indarkeria zikloaren itxiera antolatua behar dugu, horrela soilik ezarriko baitugu egoera hau berriz ez errepikatzearen bermea. Guztiok partekatzen dugu ideia bera: herri honek urtetan pairatu duen sufrimendua sekula errepikatu ezin den drama da. Sufrimenduaren eta indarkeriaren behin betiko itxiera baterako kontsentsu eta akordioak erdiesteko gai izan behar dugu, beraz. Erantzuteko gai ez bagara, sufrimenduaren aro berri batetara itzultzeko arrisku handia dugu.

Iruñean eta Errenterian, 2017ko martsoaren 18an