ETA erakundearen armagabetzeari buruz gaur Frantziako Le Monde egunkarian argitaratutako informazioa baloratzeko, agerraldia egin du Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak. Otegik “sinesgarritasun osoa” eman dio gaur ezagututako albisteari. “Txetx Etxeberriren ahotik dator albistea, eta horri sinesgarritasuna ematen diogu. Hau da, bakearen artisauen ahotik dator albistea. Gainera, ETA eta bakearen artisauen arteko harremana publikoa eta ezaguna da. Jakina da ETA erakundeak bakearen artisauen esku utzia zuela armagabetze prozesuaren ardura”.
Otegik azpimarratu duenez, “ETAren armagabetzeko erabakia berri oso ona da”. Gaineratu duenez, “honek frogatzen du lanean gaudela eta bokazioa dugula aurrera egiteko. Askotan lan hori isila da, baina lanean ari gara eta lan horrek fruituak ematen ditu”.
Armagabetze prozesua bururaino eramateko itxaropena agertu du EH Bilduko bozeramaileak. Gizarte zibilaren parte hartzearekin, nazioarteko komunitatearen begiradapean eta herri honetako hiru erakunde nagusien (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar EHko Elkargoa) babesarekin gauzatu behar dela azpimarratu du. “Ardura historiko eta politikoa eskatzen diegu eragile guztiei. Armagabetzea gauzatzea da herri honen nahia, eta arduraz jokatu beharra dago nahi hori betetzeko”.
Prozesu hau askoz lehenago egitea bazegoela gogoratu du. “Baina oztopoak baino jarri ez dituzten bi estatu izan dira aurrean. Horregatik atzeratu da”. Espainiako eta Frantziako gobernuei mezua luzatu die Otegik: “Eskatzen diegu lagundu nahi ez badute gutxienez ez dezatela oztoporik jarri”.