Gure herrian 300.000 pertsona baino gehiagori eragiten dio pobreziak. Pobrezia horrek emakume, haur, gazte edo etorkinaren aurpegia dauka. Eskubideak dekretu, erreforma edota faktura bidez ezabatzen dira. Energia enpresak aberasten diren moduari muga jarri behar diegu; eta baita ere enpresa horien eta bere administrazio kontseiluetan dauden politikarien interesei. Milaka pertsonek argia ezin dutenean piztu, enpresa horiek milaka milioiko irabaziak dituzte eta horiek zuzentzen dituzten soldatak eskandalagarriak dira. Pobrezia guztiarekin amaitzeko presioa egin behar dugu eta neurri legalak hartu behar dira horretarako. Pobrezia energertikoarekin ere bai.

EH Bildutik esperientzia asko garatzen ari gara herrietan eta hirietan energia eredu demokratikoagoa, jasangarriagoa eta iraunkorragoaren alde: energia enpresa handiekin harremana eten eta energia berriztagarriak erabiltzen dituzten kooperatiben alde egitea, energia enpresa publikoak sortzea edota berriztagarrietan oinarritutako energia iturri propioak sortzea. Urrats txikiak dira, baina erakusten dute energia burujabetzarako bidea egin daitekeela.

Horrerako, eremu guztietan ekimenak abian jarri behar direla uste dugu. Herritarrek eta instituzioek ekimena hartu behar dute, egoera hori iraultzen hasi eta energiaren negozioa ondasun komuna bilakatzeko. Guztiok gure ekarpena egin dezakegu eredu berria defendatzeko, energia berriztagarrien alde eginez eta enpresa elektriko handiekin harremanak etenda.

Horregatik, EH Bildutik beharrezko ikusten dugu:

  • Energia Legea egitea, trantsizio energetikoa bultzatzeko; baina horrez gainera, pobrezia energetikoarekin amaitzeko neurriak jaso behar lituzke, enpresan tarifak eta hornidurak arautuz, egoera ahulenean dauden pertsonei energia hornidura ez mozteko.
  • Maila pertsonalean zein instituzio mailan, energia enpresa handiekin harremana eten behar da. Aldi berean, energia berriztagarrietan oinarritutako herritarren kooperatibak eta ente publikoen alde egin behar da, poobrezia energetikoarekin amaitzeaz gainera, eredu berri baterako urratsak egiten joateko.
  • Bitarteko fosilak edo pertsonentzat arriskutsuak direnak erabiltzeari utzi behar diote (gasa edo energia nuklearra, esaterako), eta energia berriztagarrien eta garbien aldeko apustua egin behar da.
  • Energiaren alorrean eskuduntza guztiak eskuratu behar ditugu, arlo guztietan gure araudi propioak izateko eta, energia eredu berria bultzatu ahal izateko, tresna guztiak eskuragarriak edukitzeko.
  • Energia berriztagarriak sortzeko proiektuak bultzatzen garatu behar da, maila lokaletik globalera, energia aldaketa posible dela erakusten joateko.

Herri justuagoa, duinagoa eta demokratikoagoa eraiki nahi dugu. Energia oinarrizko tresna da herritar ororen duintasuna bermatzeko, beti ere, gure ingurunea zainduz. Herritarren bizkarrera hartutako erabaki politikoen ondorioa da pobrezia energetikoa. Borondate politikoaren baitan dago horrekin amaitzea. Gure aldetik, etenik gabeko lana egingo dugu horrela izan dadin. Ez diezaguten bizitza itzali.

TWITTER