Hurrengo legealdirako aurrekontuen inguruan instituzioetan egiten ari diren negoziazioen inguruko bere jarrera azaldu du EH Bilduk, gaur goizean Donostian egindako agerraldian. Oihane Zabaletak eta Adolfo Araizek azpimarratu dutenez, “hitz egiteko, negoziatzeko eta adosteko borondatearekin” egingo dio aurre EH Bilduk debate horr Hego Euskal Herriko instituzioetan. Hala, indar politiko guztiekin zein eragile sozial guztiekin hitz egiteko asmoa azaldu dute, “aurrekontuen eztabaida instituzioetako lau hormetatik harago joan behar dela uste baitugu”.

Aurrekontuen inguruko eztabaida diru-sarrerekin eta, beraz, politika fiskalarekin hertsiki lotuta daudela azpimarratu dute. Zentzu horretan, bi errealitate daudela nabarmendu dute. Nafarroan, aldaketaren lau indarrek onartutako eredu fiskalak diru-sarrerak handitzea ekarri du. “Diru-sarrerak handitzek bidea ekarriko du inbertsioak egiteko enpleguaren sorreran, eta babes soziala edota oinarrizko zerbitzu publikoak hobetzeko politiketan. Nafarroako gizartean aldaketan eta aurrerapen sozialean sakontzeko dauden itxaropenei erantzuteko moduko aurrekontuak egin ahal izateko lau indar politikoek egin duten ahalegina azpimarratu nahi dugu. Horixe da, hain zuzen, gainontzeko herrialdeetan jarraitu beharreko bidea”.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diru-bilketa aurreikusitakoa baino 500 milioi euro txikiagoa izan da. “Hau da, 500 milioi gutxiago inbertitu ahal izango dira zerbitzu publikoetan, babes sozialean, etxebizitzan, euskaran, kalitatezko enpleguaren sorreran edota berdintasunean. Europak defizit muga aldatu duela eta, diru-bilketaren datuak estali nahi dira, baina errealitatea bat eta bakarra da. EAJk eta PSEk bultzatuta egun indarrean daukagun eredu fiskalari buruzko ezinbesteko debatea ematea atzeratu baino ez du egiten horrek”.

Bi izango dira aurrekontuen eztabaidan EH Bilduk mantenduko dituen irizpide nagusiak. Alde batetik, murrizketa ekarriko duten aurrekonturik ez du onartuko. “Pertsonak jartzen ditugu gure proiektuaren erdigunean eta, beraz, arlo sozialean, enplegu duinaren sorreran eta zerbitzu sozialetan edozein modutako murrizketa ekarriko duten aurrekonturik ez dugu onartuko. Diru-bilketa txikiagoa izateak ezin du elkarri pertsonen bizi kalitatea okerragoa izatea”. Bestetik, aurrekontuen inguruan gure instituzioetan egiten diren negoziazio guztietan, erreforma fiskala egiteko beharra mahai gainean jarriko du EH Bilduk. “Beharrezkoa da behar dugun eredu fiskalaz debate publiko, soziala eta politikoa egitea”, esan dute.

Bi irizpide horiek oinarri moduan hartuta, aurkeztutako aurrekontu zirriborroen azterketa egiten ari da EH Bildu, aurrerapena helburu duten balio sozialetan oinarritutako proposamenak landu ahal izateko. Proposamen horiek instituzio bakoitzeko indar politikoei eta eragileei aurkeztuko dizkie hurrengo asteetan.

Era horretara, debate horri herri ikuspegia izanda eta izaera eraikitzailearekin aurre egiteko deia egin diete Zabaletak eta Araizek gobernuetan ari diren indar politikoei zein oposizioan ari direnei. “Herri akordio zabalak lortzea izan beharko litzatekeelako helburua. Nafarroan posible izan da. Har dezagun eredu bezala eta aurrera egin ezinda gauden eremuetan ere aurrera egin dezagun”, adierazi dute.