AKTUALITATEA

| 2020-04-24

EH Bilduk harriduraz eta kezkaz hartu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak Diputazio Iraunkorrean hauteskundeen datari buruz egin dituen adierazpenak, bai eta gaurko saioa horretan zentratzea ere, bere agerraldiaren helburu bakarrak koronabirusaren aurkako Jaurlaritzaren estrategia argitzea izan behar zuenean.
Maddalen Iriartek hala egotzi dio: “Lehendakari jauna, ni pandemia honen aurrean euskal herritar guztiok behar ditugun neurri eta irtenbideei buruz hitz egitera etorri naiz. Zu, ordea, hauteskundeei buruz mintzatzera. Eta harritzen nau, benetan. Eta kezkatu ere bai, lehentasuna orain ez direlako hauteskundeak. Ezin daitezke izan”.
Alderdi eta eragileen mahaia
EH Bilduko bozeramaileak alderdi eta eragile sozioekonomikoek osatu beharreko mahai baten premia aldarrikatu du berriro ere, “denon artean, elkarlanean, konponbideak bilatzeko eta adosteko”. Horren ildotik, pozik agertu da lehendakariak berak ere mahai horren beharra behingoz aitortu eta foro hori datorren ostegunerako deitzeko asmoa iragarri duelako. Hala ere, Iriartek Urkulluri gogora ekarri dio EH Bilduk EAJren irainak jasan dituela, atzo bertan berriro ere, “hain justu, zuk zeuk orain iragarri duzun mahaia eskatzeagatik”, eta berretsi du alderdien mahai bat ez dela nahikoa. “Eragile sozial eta ekonomiko nagusiek leku bat izan behar dute mahai horretan, herri honek behar duen konponbidea integrala izan dadin”.