AKTUALITATEA

| 2020-04-06

“Pandemia oso ondorio larriak izaten ari da osasun sisteman ez ezik enpleguan eta babes sistema publikoan ere, eta premiazkoa da arlo horietan bereziki hainbat neurri berehala hartzea koronabirusak eragindako krisiaren ondorio horiek arintzeko”. Hala azaldu du gaur Maddalen Iriartek EH Bilduk Legebiltzarrean abian jarri dituen ekimenen helburu nagusia. Koalizioak neurri sorta luzea bideratu du legez besteko hiru proposamenen bitartez, Diputazio Iraunkorrean berehala eztabaidatu daitezen. Iriartek zehaztu duenez, EH Bilduk Podemosekin adostu du Parlamentuko organo hori premiaz biltzeko eskatzea.

Koronabirusak Euskal Herrian joz geroztik EH Bilduk proposamen ugari jarri ditu mahai gainean, gogorarazi du Iriartek, “uste dugulako une honetan euskal gizarteak gu guztion ekarpena behar duela eta alderdion ardura konponbideak eskaintzea dela”. Gaur aurkeztutako proposamenak, beraz, “norabide horretan emandako beste urrats bat dira”.

Ekimen horien edukiari dagokienez, lehendakarigaiak azaldu du lehenengo blokean pandemiaren ondorio sozioekonomikoak arintzea dutela helburu. Izan ere, “langabezian geratu diren edota aldi baterako enplegu erregulazioetan sartu diren milaka langile egoera guztiz prekarioan geratu dira, baina babes sistema publikotik kanpo daude, dirulaguntzak jasotzeko baldintzak oso zorrotzak direlako; horregatik, sisteman sartzeko baldintzak malgutzea proposatzen dugu, pertsona horiek laguntza jasotzeko eskubidea izan dezaten eta krisiaren ondorio ekonomikoak ahalik eta txikienak izan daitezen. Adibidez, aldi baterako enplegu erregulazioan sartu diren langileen artean, seme-alaba bakarra daukaten bikoteei gaur 985 euro bermatzen zaizkie, baina gure proposamenarekin 400 euro gehiago jasoko lituzkete”.

Pandemiaren ondorio sozioekonomikoen atalean ere, EH Bilduk neurri berezituak planteatzen ditu enpresa txiki eta autonomoentzat. “Sektore horrek izan dituen galerak konpentsatzeko neurriak dira; diru-sarrerak galdu badituzte, gastuak ere ezabatu behar dira. Hala, ondorengo neurriak proposatu ditugu: zerga moratoria ordainketa horiek atzeratzeko, gastu finkoak (ura, elektrizitatea…) ezabatzea larrialdiak iraun bitartean eta konpentsatzeko funts bat sortzea kalte ekonomikoak arintzeko”.

Osasun larrialdi honetan logikoa denez, EH Bilduren proposamenek osasun sistemari ere so egin diote. Atal horri dagokionez, Iriartek berretsi du funtsezkoa dela “test masiboak egitea kasuak detektatzeko eta gaitzaren hedapena gelditzeko, Osakidetzako langile guztiei babes-materiala (EPI) bermatzea, Justizia Auzitegiak ere agindu bezala, eta planifikazio oso bat jadanik egitea alarma egoeraren osteko eszenatokia prestatzeko, egoera posible guztiak aurreikusita”.

Adinekoen egoitza-zentroak ere hizpide izan ditu EH Bilduko bozeramaileak, “hor ere egoera, oro har, benetan larria delako. “Funtsezkoa da erresidentzietan test masiboak egitea langileei zein erabiltzaileei eta babes ekipoak (EPIak) bermatzea, plantillak indartu behar dira arreta egokia ziurtatzeko eta, bete beharreko baldintzak betetzen ez diren kasuetan, Administrazioak erresidentzia pribatuen kontrola bere gain hartu behar du”.

Pandemiari aurre egiteko neurri zehatzak proposatzearekin batera, Maddalen Iriartek auzolanean aritzeko garrantzia azpimarratu du beste behin. “Ezohiko egoera honetan ezinbestekoa da foro bat edukitzea krisiari eman beharreko erantzuna guztion artean eztabaidatu eta adosteko. Horretarako proposatu dugu alderdi eta eragileen arteko mahai bat eratzea eta Legebiltzarraren funtzionamendua salbuespen egoera honi egokitzea ere. Ez dugu nahiko genukeen erantzuna jaso, baina Parlamentuko Erregelamenduak irekita uzten dituen zirrikitu guztiak erabiliko ditugu gure proposamenak behin eta berriz mahai gainean jartzeko, oraingoan Diputazio Iraunkorrean”.