AKTUALITATEA

| 2020-04-17

EH Bilduk Espainiako Gobernuko presidenteari esan dio elkarrizketa-guneetan egongo dela, krisiaren irtenbiderako langileen, ahulenen eta herrien eskubideak errespetatzen eta lehenesten badira. Era berean, adierazi dio ez dela 78ko Erregimena indartzeko elkarrizketa mahai batean egongo. EH Bilduk eskerrak eman dizkio Sanchezi pandemia honi aurre egiteko beharrezkoak diren informazio eta hausnarketak partekatzen jarraitzeko erakutsitako tonu eta prestutasunagatik, eta bide horretatik elkarlanerako borondatea eta gure subiranotasunaren defentsa irmoa aurkituko dituela adierazi dio.

Bilera telematikoa egin dute, gaur 13:30ean hasita, Mertxe Aizpurua diputatuak eta Pedro Sanchezek, Espainiako Gobernuko presidentea Kongresuko talde parlamentarioekin egiten ari den bilera-errondaren barruan. Bilera horretan, Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioko bozeramaileak adierazi dio EH Bilduk elkarrizketetan egoteko borondatea daukala, baldin eta helburu nagusia bada Covid 19-ak eragindako krisiaren ondorioak langileek eta gizarteko sektore zaurgarrienek ez ordaintzea eta horretarako neurri eraginkorrak aztertzen badira. Dena dela, EH Bilduk argi dauka gure herrian garatu behar dela elkarrizketa esparru nagusia.

Giro zintzoan egin den bilkuran, Aizpuruak deitoratu du orain arte eginiko kudeaketan ez dela beti nagusitu osasuna lehenestearen irizpidea. Azkarregi joan nahi izan dela eta funtsezkoa ez den jarduera ekonomikora langileen osasuna bermatu gabe eta horretarako beharrezko neurriak hartu gabe itzultzea gaitzetsi du EH Bilduren Kongresuko eledunak.

Aizpuruak zehaztu duenez, aurreikuspenen arabera, krisi luzea izango da eta ondorio ekonomiko eta sozial larriak izango ditu. Zentzu horretan, krisiaren ondorioak betikoen gain berriro jartzen saiatuko direnak daudela ohartarazi du. EH Bilduk ez du onartuko krisi hau ere, 2008ko krisiarekin gertatu zen bezala, langile, pentsiodun, autonomo edo enpresari txikien bizkar gainean jartzea. Gehien dutenek egin beharko dute ekarpen handiena.

Era berean, Aizpuruak gaur egindako bileran azpimarratu duenez, neurriak ere hartu beharko dira, sektore ahulenen (langileak, pentsiodunak...) interesak eta eskubideak babesteko neurri guztiei segurtasun juridikoa emateko.

EH Bilduk, halaber, Espainiako presidenteari adierazi dio ez dagoela batere konforme alarma egoeraren instrumentalizazioarekin, eta gure herriari bakarrik dagozkion eskumenak egitateen bidetik berreskuratzeko beharra nabarmendu du. «Euskal Herria ez da adingabea, eta ez du inoren tutoretza behar bere energia komunitario guztiak zabaldu ahal izateko osasun krisi honi aurre egiteko», salatu du Aizpuruak, eta gaineratu: «Gogoeta hori ez da oztopo gure erabaki-esparru subiranoa Estatuko zein nazioarteko gainerako erakundeekin koordinatuta eta lankidetzan jarri behar den eremu gisa ulertzeko».