AKTUALITATEA

| 2020-04-06

Badu aste batzuk jada, krisi sanitario handia bizitzen ari garela Euskal Herrian zein mundu osoan zehar. Ohikoa ez den errealitate bat pairatzera behartuak izan gira: kalera ateratzeko debekua, ikastetxeak itxiak, enpresa batzuen itxiera, etxeetatik lan egitera behartuak... Momentu honetan bizitzen ari garen egoerak, gure egunerokotasuna hankaz gora ezarri du.

Krisi sanitario honek kalte ainitz eragin badu ere, elkartasun keinuak biderkatzen joan dira eta horren islada dira, egunez egun gure etxeko balkoietatik lau haizetara hedatzen ari diren
elkartasun ekimenak. Etxeetako balkoi eta leihoak elkartasun eta aldarrikapen gune bilakatu dira ezinbestean: osasun arloko langileen txalotzeko, indar okupatzaileen salatzeko, beste jendarte baten aldarrikatzeko, euskal presoei elkartasuna adierazteko... Birusak ez du eteten Euskal Herrian borrokarako griña

Eta nola ez aipa, osasun arloan lanean ari diren langileen inplikazioa. Lerro hauen bitartez, egunez egun eramaten ari diren lana txalotu nahi dugu. Gure sustengu osoa adierazi nahi diegu ere, oraindik lanean ari diren beste langile guziei: laborariak, zabor biltzaileak, garraiolariak, okinak, supermerkatuko langileak eta beste… Gehienetan emazteak diren horiek lan baldintza prekarioak jasaten dituzte eta soldata murritzak hunkitzen. Txalo eta eskerrak aparte, ez ditugu ahantzi beharko krisia amaituko delarik.

Halaber, euskal preso politikoen egoeraz ere aipamen berezi bat egin nahi dugu. Espainiar eta frantses Estatuen eskuetan euskal presoak bahitu politikoak dira. Haien sufrimenduzko gatibua luzatuz, mendeku politika mantentzen dute, Euskal Herrian garatu daiteken burujabetza prozesuaren baldintzatzeko helburuz. Konfinamendu egoera honetan, haien zigorra biderkatu egiten delako haien kartzelaldia are onartezinagoa iduritzen zaigu. Inoiz baino gehiago, haien Euskal Herriratzea, gaixorik diren presoak eta adina daukaten presoen askatzea urjentziazko neurriak bilakatu dira. Aberri Egun honen bezperetan, gure sustengu eta elkartasun mezu beroena helarazi nahi diegu euskal preso politiko guziei eta haien senidei.

Guzti honen erdian eta hemendik egun gutxitara datorkigu aurtengo Aberri Eguna. Aberri Eguna, ospakizun eguna da. Kalera ateratzeko eta elkartzeko debekuek molde berezian ospatzerat behartzen gaituen arren, badugu zer erran. Neoliberalismoaren aurpegi gogorrena eta Estatuen inboluzioa ikusten ari garen honetan, burujabetzaren aldeko konpromisoa hartu behar dugu. Beti ere, eta esan ohi dugun bezala, langile eta, oro har, herritarren bizi baldintza duinak bermatu ahal izateko, gizarte eredu justua eraikitzearen bidean.

Globalizazioa eta neoliberalismoaren ondorioei aurre egiteko tresna dugu esku artean: Burujabetza. Horrek bermatuko digu herri gisa bizirik segitzea eta aldi berean, gizarte justuago bat eraikitzeko baliabideak eskuratzea.

Krisi momentuan bada ere, Euskal Herriak duen indarra erakutsi behar dugu igande honetan. Zentzu horretan, EUSKAL HERRIA BATERAk egindako deialdira batzen gara eta deialdi berezi bat luzatzen dugu euskal jendarteari igandeko ekimenean parte hartzeko.

EUSKAL HERRIA BATERA ikurra osatzera deitzen zaituztegu, bakoitzak bere desioa argazki batean islatuz eta sarera igoz, mosaiko digital erraldoi bat marrazteko moduan.

 

Euskal Herria, modu batean ala bestean, bizitzen duen herritar oro egun horren ospatzerat gonbidatzen dugu.